Albisteak

Atzealdea

Otsailaren 28an aurkeztuko du udalak Mugikortasun-Plana, ekitaldi ireki batean

Azken hilabete luzeotan, udala eta herritarrak eskuz esku aritu dira lanean, Usurbilgo espazio publikoa berrantolatzeko eta mugikortasun-plan berria diseinatzeko. Prozesua oso aberatsa izan da, eta emaitza liburuxka batean jaso du udalak. Hain zuzen, gaur ari dira etxe guztietan banatzen, eta otsailaren 28an publikoki aurkeztu nahi da. Egun horretan, bertan, gainera, erakusketa bat ere zabalduko da, eduki nagusiekin, Sutegin. Ekitadlia 18:00etan hasiko da.

2018·02·09


Usurbilgo espazio publikoaren antolamendu berriaz eta mugikortasunaz hausnartzen aritu dira udala eta herritarrak eskuz esku azken hilabete luzeotan, Kale Irekiak parte-hartze prozesuan. Izenak berak dioen bezala, kale irekian egin dira saio guztiak, orain auzoan, orain eskolan edota kultur etxean, nola helduekin hala haurrekin. Modu batez edo bestez, 60 herritarrek eta 196 haurrek hartu dute parte, eta emaitza oso aberasgarria izan da. Herritarrek egindako ekarpenekin, Mugikortasun-Plana osatu dute arkitektoek eta teknikariek. Plan horren edukiak, laburbilduta, liburuxka batean jaso dira herritar guztiei, modu argian eta ulerterrazean, erakusteko asmoz. Hain justu, gaur ari dira etxe guztietan banatzen aipatu liburuxka.

Non gauden aztertuta, Usurbil bizigarri eta atsegina eraikitzea zerumugan, gure herriko espazioen eta ibilbideen ikuspegi berritua aurkituko duzu aldizkarian. Etorkizunari begirako lana da, datozen urteetan Usurbilek zer aldaketa izango dituen markatzen duena. Mugikortasun-plan honek espazio publikoaren eta ibilbideen beste antolamendu bat proposatzen du, baita hainbat ekintza urbanistiko ere. Guztira, 55 aktuazio aurreikusten dira. Liburuxka horretan herritarrek Kale Irekiak parte-hartze prozesuan lehentasunezkotzat jo dituztenetako batzuk baino ez dira azaltzen. Ekintza horiek ez dira denak batera egingo. Plangintza bat da, eta bidea zehazten dute.

Otsailaren 28an erakusketa irekiko da

Parte-hartze prozesu horri behar bezalako amaiera emateko, Usurbilgo Udalak jendaurrean aurkeztuko ditu emaitzak, ekitaldi batean: otsailaren 28an, asteazkenarekin, 18:00etan Sutegin. Mugikortasun-Planaren eduki nagusiekin erakusketa bat ere paratuko da Sutegin, eta egun horretan bertan zabalduko da. Ekitaldian aukera izango da nahi adina galdera egin eta zalantzak argitzeko. Herritar guztiek izango dute ekitaldira hurbiltzeko aukera. Erakusketa martxoaren 16ra arte izango da zabalik.

Bestalde, astelehenetik aurrera eduki guztiak udalaren webgunean izango dira ikusgai.