Albisteak

Atzealdea

Orain arteko enpresak kudeatzen jarraituko du Puntapax Eguneko Zentroa

Asteartean eginiko udalbatza saioan Puntapax Eguneko Zentroaren erabilera eta kudeaketa orain arteko enpresari lizitatzea erabaki zuten, hau da, Gestion de Servicios Residenciales S.Coop enpresari. 2003an ireki zuten Eguneko Zentroa, eta orduz geroztik enpresa horrek kudeatu du, eta hala segituko du beste hiru urtez. Bost urtera arte luza daiteke kontratua. Zerbitzua kalitatezkoa izateko eta langileak lan-baldintza duinetan lan egiten dutela bermatzeko, udalak klausula sozialak txertatu zituen pleguetan. Enpresa bakarrak hartu du parte lizitazioan.

2017·12·21


Puntapax Eguneko Zentroaren erabilera- eta kudeaketa-zerbitzua esleitzeko prozesua zabalik izan du Usurbilgo Udalak hilabeteotan. Hain zuzen, urriaren 4ean egindako udalbatzak onartu zituen zerbitzu hori emakidaz kontratatzeko administrazio-baldintzak. Kalitatezko zerbitzua ematea izan da udalaren helburu nagusia, eta horretarako hainbat klausula sozial txertatu zituzten pleguetan, hala nola langileen lan-baldintzak eta subrogaziorako eskubidea, hizkuntza-irizpideak eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko baldintzak. Jone Urdanpilleta zinegotziak adibide gisa jarri du langileen lan-baldintzak duinak izateko jarritako baldintza: Puntapax Eguneko Zentroko langileei Gipuzkoako lan-hitzarmena ezartzeko betekizuna eta langile berriei orain arteko langileen baldintza berdinak aplikatzeko betekizuna. Sektore horretan, nagusiki, emakumeek egiten dute lan, eta, normalean oso lan-baldintza kaxkarrak eta prekarioak izaten dituzte. Halakorik gertatzea saihestu nahi izan du udalak. Zentzu horretan, Bizkaiko zahar-etxeetan urtebetez luzatu den greba da horren lekuko.

Baldintzak gogortzearen ondorioz, soilik enpresa bakarrak parte hartu du lizitazioan, hain zuzen ere, 2003an ireki zenetik gaur arte Eguneko Zentroa kudeatu duen enpresak: Gestion de Servicios Residenciales S.Coop. Asteartean eginiko udalbatza saioan enpresa horri esleitzea erabaki zuten alderdiek aho batez, eta beste hiru urtez kudeatzen segituko du. Bost urtera arte luza daiteke kontratua.

Zerbitzuaren ezaugarriak:

- Helburua: Eguneko Zentroaren helburua adineko pertsonen eta horien senideen bizi-baldintzak egokiak izan daitezen laguntzea eta biei ahalik eta autonomia eta bizi-kalitate handiena ematea da. Eguneko Zentroaren bidez, mendekotasuna duten adinekoak bere ohiko ingurunean egon daitezen bultzatu nahi da.

- Honako zerbitzuak eskaintzen ditu: Ostalaritzako zerbitzuak, oinarrizko arreta pertsonaleko eta eguneroko bizimodua berregokitzeko zerbitzuak, zerbitzu sanitarioak, zerbitzu psikosozialak, eta, informazioa, arreta eta parte hartzeko zerbitzuak. Azaldutako prestazio guztiak diziplina anitzeko ikuspegitik prestatzen dira, eta horrek ahalbidetzen du erabiltzaile bakoitzari egokitutako planak lantzea, bere beharrak kontuan hartuta.

- Plaza kopurua: Aurten plaza kopurua igo du Usurbilgo Udalak. Astelehenetik ostiralera zerbitzua 18 lagunei eskaintzeko aukera dago, eta asteburu eta jaiegunetan 6 lagunei. Asteburuetarako eskaria handituko balitz, udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuta, leku kopurua handitu ahal izango du.

- Ordutegia: astelehenetik ostiralera 9:30etatik 18:00etara, eta asteburu eta jaiegunetan, aldiz, 9:30etatik 17:30ak arte.

- Egutegia: Urteko egun guztietan irekita dago, honako hauetan izan ezik: urtarrilaren 1ean, urtarrilaren 6ean, abenduaren 25ean eta udalak urtero herriko jaieguna izendatzen duen egunean.

- Aurrekontua: Urteko aurrekontuaren estimazioa 260.220 eurokoa da, eta %4ko BEZa kontuan hartuta, 270.628,80 euro. Bost urterako estimazioa, horrenbestez, 1.301.100 eurokoa da (BEZ-ik gabe), eta %4a BEZ (52.044 euro) barne, guztira 1.353.144 euro.