Eduki publikatzailea

Atzealdea

Oilo ipurdia

Udalberriko uztaileko zenbakian kaleratutako idatzia

2018·07·06


Ikusi dugu oiloaren ipurdia Potxoenean sartu ezinda. Sentitu dugu oilo ipurdia herriko festei hasiera ematean, oilasko biltzaileen, erraustegiaren aurkako manifestarien, erraldoien, dantzarien, txistula-rien, herritar askoren eta falta zirenen (Xua, Olatz, Patxi) artean. Herri bakarra izan gara uda min errean gaztain erretzaileei aitortza egin diena. Ondo merezitakoa.

Halaxe abiatu ziren Santixabelak, eta atsedenik gabe egin dute aurrera, nola egunez hala gauez, denok gozatzeko moduko egitarauaren konpasean. Denentzat izan da dibertimendua, eta herritar serioenak ere lotsak alde batera utzita ikusi ditugu. Zer da ba festa, axolagabe aritzea ez bada?

Iritsi da biharamuna, uztailaren 3a. Utzi dio Potxoeneak oilategi izateari eta bueltatu dira gure espazioak eta bizimoduak eguneroko arruntera.

Oroimenaren zakuan geratuko zaizkigu egunotako kantuak, algarak, dantzak, ikuskizunak, parrandak... Argazkilarien kamerek ere jasota edukiko dituzte festa giroko hainbat pasadizo, eta, nork daki, Sutegiko erakusketa-aretoan ikusgai izango dira hamarkada batzuk barru. Herriaren erretratu bikaina geratzen da, aurten ere ikusi ahal izan duguna.

Errespetu handiz joan direla esango nuke. Liskar girorik gabe, disfrutatuz eta disfrutatzen utziz. Guk dakigula ez da sexu erasorik gertatu, eta hori lorpen sozial handia da. Mugimendu feministak eragin duen aktibazio sozialaren lorpentzat hartu behar dugu. Badugu zertan hobetu, hala ere. Esate baterako, kontsumo arduratsurako bidean, gazteak umeegi hasten zaizkigu kontsumo desegokietan; bestalde, zenbaitetan ez gara egoki aritzen kaleak txukun mantentzeko edo birziklatzeko zereginetan. Festek endredoak ere ekartzen dituzte, eta deserosotasun edo kalteren bat jasan dutenen pazientzia ere baloratu nahi nuke.

Eskerrak eman nahi dizkiet herritar guztiei, eta bereziki antolaketan eta laguntzen aritu direnei. Usurbilgo festek duten izaera herritarren inplikazioari zor zaio. Horrexegatik, egunotan herria herriago izan da, eta usurbildarrok gure artean konplizeago.

Iritsi da biharamuna. Aldapa gora ekin diogu gaurko egunari, baina eutsi goiari, gutxiago falta da-eta datorren urteko Santixabeletarako!