Albisteak
Atzealdea

Elikadura bermatzeko dirulaguntza bereziak eska daitezke gaurtik aurrera

Alarma egoerak irauten duen bitartean eskatu ahal izango dira elikadura bermatzeko dirulaguntzak. Horrez gain, konfinamenduaren ondorioz bertan behera utzi eta ematen ez den zerbitzurik ez zaie kobratuko herritarrei: haur eskoletako kuotak eta kiroldegiko abonamendua eta ikastaroak.

2020·03·20


Kolektibo zaurgarrienei laguntzeko neurri ekonomiko bereziak hartzea adostu du Prebentzio Mahaiak. Konfinamendua dela eta zenbait oinarrizko behar sozial ase ezinda egon daitezkeenez, horiei laguntzeko zein baliabide dituen aztertu du udalak, baita erabakiak hartu ere: gaurtik aurrera elikadura bermatzeko dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte usurbildarrek. Esaterako, elikagai bankuak itxi egin dituzte, eta elikadura horren bidez bermatua zuten herritarrak oinarri-oinarrizko behar hori asetzeko modurik gabe gelditu dira. Horien elikadura bermatzeko dirulaguntza berezia atera du udalak.

Alarma egoerak iraun bitarterako emango da dirulaguntza, eta hori luzatuko balitz, berriz eskatzeko aukera egongo da. Banatuko diren dirulaguntzak familiako kide kopuruaren arabera banatuko dira, hamabost egunetarako: 100 euro bat edo bi kideko familientzat, 150 euro hiru edo lau kidekoentzat, eta 200 bostetik gorakoentzat.

Udalaren esku dauden neurri ekonomiko gehiago ere hartu dituzte: funtsean, ematen ez den zerbitzurik ez zaie kobratuko herritarrei. Batetik, haur eskolen kuota. Bestetik, kiroldegiari lotutakoak: abonamendua eta ikastaroak. Horrez gain, zergen eta tasen ordainketa malgutasunez egingo dutela erabaki dute. Hiru zergarik handienak ordaintzeko epeak (ibilgailuena, IBIa eta ekonomia jardueren zerga) automatikoki luzatuko dira, larrialdi egoerak irauten duen beste. Gainerako tasen eta zergen kasuan ere malgutasunez jokatuko du udalak horretarako arazoak dituzten herritarrekin.

Horrez gain, udalak azpikontratatutako zerbitzuen kontratuak oraingoz ez etetea erabaki du Prebentzio Mahaiak.

Zaharren bakardadea

Konfinamenduak herritar zaharrenen bakardadea eragin du, eta haiei begirako neurriak adostu dituzte, udaleko gizarte zerbitzuen irizpideei jarraituta. Telefonoz deituko diete 65 urte baino gehiago dituzten eta bakarrik bizi diren herritarrei, zer moduz dauden, maiztasun jakin batekin telefonoz deitzea nahi luketen, elikadura bermatua duten eta Herritarren Babes Sarearen berri ba ote duten jakiteko.

Usurbilen 65 urtetik gorako 270 herritar bizi dira bakarrik, eta guztiei banan-banan deituko diete udal-langileek. Astelehenetik aurrera hasiko dira deiak egiten.