Albisteak

Atzealdea

Mugikortasun Plan berria garatuko du Usurbilek herritarren laguntzarekin

'Kale irekiak' izenpean, espazio publikoaren berrantolaketa prozesua abiaraziko du Usurbilgo Udalak datozen asteetan.

2016·09·27


Espazio publikoak berrantolatzeko helburuarekin, Usurbilgo Udalak 'Kale Irekiak' izeneko prozesua abiatu du gaurtik hasi eta azaroaren 2ra bitartean. Partehartze bitartez bideratuko den egitasmoa ezagutarazteko asmoz, udal ordezkariek zein antolatzaileek aurkezpena burutu dute asteazken goizean Mikel Laboa plazan. “Kaleek, plazek, errepideek, aparkalekuek,… pisu handia dute gure eguneroko bizitzan. Hala ere, norentzako diseinatu dira? Pentsatuta al dago Usurbil oinez mugitzeko? Eskolara joateko? Erosketak egiteko? Herriko plazak egokiak al dira gure haur, gazte eta adinduentzako?” galdegin dute. Galdera horiei erantzunak emateko, berriz, Usurbilgo sektore ezberdinei zuzendutako bilera irekiak antolatu dituzte hurrengo hilabeterako.

Prozesua nolakoa izango den azaltzeko, Udalak aurkezpena egin du herriko zenbait eragile eta gainontzeko alderdi politikoekin batera. “Lehendabizi nolako Usurbil nahi eta behar dugun erabakiko dugu herritarrok parte hartze bidez. Jarraian, teknikari adituek Plan Zuzentzailea idatziko dute herritarren ekarpenekin, hurrengo urteetan aurrera eramango diren proiektuen euskarria. Eta bukatzeko, herritarrek lehentasunak finkatuko dituzte, Udalak horiek aurrera eramateko konpromisoa hartu baitu”, azaldu dute.

Emakumeen ikuspegia

Bilera egunei dagokienez, lehena Aginagako ludotekan izango da, urriaren 3an, 18:30ean. Hurrengo egunean, Zubietako Kaxkapen egingo da, 18:30ean. Asteazkenean, berriz, herriguneari dagokion batzarra ospatuko da Potxoenean, 18:30etik aurrera.

Urriaren 17an hasi eta 20ra bitartean Haurren Astea egingo da Ikastolan eta herri guztian zehar. Herriko umeekin elkarlanean hainbat saio burutuko dira beraien Usurbil marraztu, oztopo eta beharrak identifikatu eta proposamenak jasotzeko.

Emakumeei zuzendutako lanketa ere egingo da prozesu horren baitan. Izan ere, parekidetasun ikuspuntua presente egon dadila nahi du Udalak. Helburu horrekin, bi bilera ezberdin egingo dira urriaren 19an eta 26ean. Lehena Potxoenean izango da, 18:30etik aurrera, eta bertan bideo emanaldia eta hausnarketa saio bat egingo dira. Bigarren saioan, berriz, ibilaldi bat egingo da herrian zehar puntu positibo eta negatiboak identifikatzeko asmoz.

Proposamenetarako bilera

Urriaren 22rako herrian gehien erabiltzen diren espazioak identifikatu eta aztertuko dituzte herritarrek, dauzkaten traba eta oztopoak adierazi eta etorkizunean babestu eta indartu beharrekoak zeintzuk diren jakiteko.

Azaroaren 2an bukatuko da proiektuaren lehen fasea. Egun horretan, Potxoenean, aurreko egunetako lan-saioetan sortu eta aztertutako materialean oinarrituta konponbideak, hobekuntzak eta aldaketak proposatuko dira.