Eduki publikatzailea
Atzealdea

Matiak Kalezarren sustatu nahi duen proiektuari behin-betiko onarpena eman dio udalbatzak, aho batez

Hiri Antolamenduko Arau subsidiarioetako A-96 (Portalmusu) eta A-97 (komentua) eremuen plan bereziari egindako aldaketa izan zuen aztergai atzoko plenoan udalbatzak, izan ere, Matiak Kalezarren garatu nahi duen proiektua erakusketa publikoan izan den bitartean herritar batek alegazio bat aurkeztu du eta Udalak aintzat hartu du. Ondorioz, hasierako plana egokitu behar izan da. Atzoko saioan behin-betiko onarpena eman zitzaion, horrenbestez, etxebizitza zaintzadunen auzunea ahalbidetzen duen plan bereziari. Aho batez onartu zen. Bilkurara jubilatu elkarteetako ordezkariak bertaratu ziren, eta txaloz hartu zuten erabakia.

2019·05·24


Matiak Kalezarren sustatu nahi duen etxebizitza zaintzadunen auzunearen proiektuak bultzada erabakigarria jaso zuen atzo, izan ere, behin-betiko onarpena eman zitzaion plan bereziari atzoko osoko bilkuran. Alderdi guztien babesarekin onartu zen, gainera. Herritar batek Hiri Antolamenduko Arau subsidiarioetako A-96 (Portalmusu) eta A-97 (komentua) eremuen plan bereziari egindako alegazioa aintzat hartu du Udalak, eta, horren arabera, hasierako plana egokitu behar izan da. Horrez gain, Xabier Arregi alkateak jakinarazi zuenez, planaren azkeneko bertsio honek honako beste dokumentu hauek ere barneratzen ditu: Ingurumen ebaluaketari Aldundiak ezarritako baldintzak; Aldundiaren Bide Azpiegituretako Sailaren aldeko txostena; eta, Babes bereziko gune akustikoaren aitorpenerako dokumentua. Horrenbestez, atzoko erabakiarekin, plan bereziaren tramitazio urbanistikoari ekin dio Udalak. “Bultzada erabakigarria emango diogu gaur proiektuari. Ametsa dena egi bihurtu dugu”. Gaineratu zuenez, orain artean bezala, Udalak ahalegin guztia egingo du tramitazio hori azkar joan dadin. Horren isla da, esate baterako, Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia jarduketa-programa bat sinatzear daudela, proiektuaren exekuziorako elkarrekin hartutako konpromisoak biltzen dituen dokumentua, hain zuzen ere.

Santuenea, Aginagako eta Artzabalgo jubilatu-elkarteeko ordezkariak plenora bertaratu ziren eta udalbatzak hartutako erabakia txalotu zuten. Denen izenean Damaxo Lizasok hartu zuen hitza eta eskerrak eman zizkien. Orain arte Udalarekin landu duten elkarlana goraipatu dute eta aurrerantzean ere alboan izango dituztela gaineratu: “Gu lanerako gaude eta laguntzeko prest”.