Eduki publikatzailea

Atzealdea

Bihar udaletxe aurrean elkartzeko deia egin dute udaleko emakumeek

Mugimendu feministak eta gehiengo sindikalak greba feministarako deia egin dute biharko, Emakumeok Planto! lemapean. Usurbilgo Udalak eta udaleko emakume langileek lanuzteekin bat egin dute, eta bihar 11:00etan udaletxe aurrean biltzeko deia egin dute. 12:00etan da Donostian manifestazio nagusia. Lanuztea egingo duten emakumeek udalari eskatu diote lanuztearen ondorioz kenduko zaien soldata udalaren Berdintasun-Planera bideratzeko. Lanuzteen ondorioz, biharkoa ez da ohiko jarduna izango, eta hainbat zerbitzutan murrizketak izango dira.

2018·03·07


Mugimendu feministak eta gehiengo sindikalak ostegun honetarako greba feminista egiteko deialdia egin dute Emakumeok Planto! lemapean. Udalak berak osoko bilkuran eta aho batez onartua du grebarekin bat egitea, eta udaleko emakume langileek ere, otsailaren 26an egindako batzarrean erabaki zuten deialdiari atxikitzea. Lanuzteak goizez eta arratsaldez daude deituta: goizean 11:00etatik 15:00etara, eta arratsaldean 18:00etatik 22:00etara.

Grebaren harira, udaleko emakumeek oharra atera dute, eta bihar 11:00etan udaletxe aurrean elkartzeko deia egin dute, Emakumeok planto lemapean. "Martxoaren 8an, Emakumeok planto esaten dugunean, besteen artean, honako egoera hauei esaten diegu planto: enpleguak modu ezberdinean baloratzeari; zaintza-lanak gutxiesteari; soldaten arrakalari; lanaldi partzialak izateari; emakumeok jasaten dugun indarkeriari; edota sistema patriarkalak gugan duen eraginari", adierazi dute. Halaber, udalbatzari honako eskaera ere luzatu diote: greba egitea errazteko eta egingo duten lanuztearen ondorioz kenduko zaien soldata Usurbilgo Udalak duen Berdintasun-Planera bideratzeko.

Zerbitzu murrizketak

Bestetik, hainbat emakumek egingo dituzten lanuzteen ondorioz, bihar udalaren jarduna ez da ohikoa izango, eta hainbat zerbitzutan murrizketak izango dira. Honako hauek izango dira murrizketa aipagarrienak:

- Haur eskola: langile guztiek planto egingo dute, eta, ondorioz, haur eskola 11:00etatik 15:00etara itxita egongo da.

- Kiroldegia: 18:00etatik aurrera igerilekua itxita egongo da (soilik Antxoen ikastaroa emango da), eta arratsaldeko spinning ikastarorik ere ez da izango.

- Oinarrizko lanbide heziketa: 11:00etatik aurrera lanuztea egingo dute irakasleek.

- Liburutegia: bertako langileek arratsaldez egingo dute lanuztea, eta, horrenbestez, 17:30etatik aurrera liburutegia itxita egongo da.

- Artzabal zahar egoitza: langileek hala erabakita, egun osoan itxiko dituzte taberna eta jatetxea.

Gainerako zerbitzuak bere horretan mantenduko dira, hala nola erregistroa, eguneko zentroa, eguneko arreta, etxez etxeko zerbitzua eta taxi busa.