Albisteak

Atzealdea

Martxoaren 8aren harira, hainbat ekitaldi antolatu ditu udalak

Martxoaren 8an izango da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta horren harira, bi mozio landuko dira astearteko osoko bilkuran. Batetik, EHbilduk aurkeztutakoa aztertuko da: mugimendu feministak martxoaren 8rako deitu duen greba feministarekin bat egiteko deia eskatzen dio udalari. Bestetik, PSEk aurkeztutakoa: sexu-erasoen aurkako aplikazio bat ezartzeko eskaera egiten du. Horretaz gainera, bi ekimen antolatu ditu udaleko Parekidetasun Sailak: bertso afaria martxoaren 9an, eta, autodefentsa feministarako ikastaroa, martxoaren 16an eta 17an.

2018·02·23


Martxoaren 8an izango da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta hori dela-eta, bi mozio erregistratu dituzte alderdi politikoek, astearteko osoko bilkuran aztertzeko. Alde batetik, martxoaren 8rako mugimendu feministak eta gehiengo sindikalak deitu duen greba feministarekin bat egiteko eskaera egiten dio EHBilduk udalari, eta herriko emakumeak deitzen ditu greba-deialdiarekin bat egitera. Mozioan gogorarazten denez, iaz 70 herrialdeetan egin zen deiari jarraiki, aurtengo martxoaren 8rako Euskal Herriko mugimendu feministak, sindikatuek eta hainbat eragile politikok bat egin dute Emakumeak Planto aldarriarekin, emakumeak mendean hartzen eta zapaltzen dituen sistema kapitalista, arrazista eta hetereopatriarkala salatzeko. Izan ere, mozioak azpimarratzen duenez, sistema honek sexuen araberako lan-banaketa bultzatzen du, eta ezkutatu eta gutxietsi egiten ditu bai feminizatutako ogibideak, bai bizitzaren iraunkortasunarekin eta zaintzarekin lotutako lanak.

Beste alde batetik, PSEk beste mozio bat sartu du. Testuan esaten denez, nabarmen egin du gora sexu-erasoengatiko salaketen eta arrazoi horrengatik epailearen esku geratu diren pertsonen kopuruak. 2017ko lehen bederatzi hilabeteetako datuak 2016ko aldi bereko datuekin alderatuz, igoera % 36,6koa izan zela dio. Hortaz, bi egunean behin salatzen da sexu-eraso bat. Horren aurrean, hainbat herritan martxan jarri den ekimen bat Usurbilen ere abian jartzeko eskatzen du: mugikorretarako app bat ezartzea, sexu-eraso oro denbora errealean salatzeko aukera ematen duena.

Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak, bere aldetik, honako ekimen hauek antolatu ditu:

- Martxoaren 9an: Bertso afaria:

* Ordua: 21:00tan.

* Lekua: Artzabalen.

* Bertsolariak: Amaia Agirre, Miren Artetxe eta Eli Pagola. Gai-jartzailea: Ainhoa Agirreazaldegi.

*Tiketen  salmenta: Artzabalen, otsailaren 23tik aurrera.

* Antolatzaileak: Bota Punttuba bertso-eskola, Matrakak eta Udala.

- Autodefentsa feministarako ikastaroa:

* Egunak: Martxoaren 16an, 16:00etatik 20:00etara, eta martxoaren 17an, 9:30etatik 13:30etara.

* Lekua: Kiroldegia.

* Bideratzailea: Emagin elkartea.

 

Honako lotura hauetan dituzue ikusgai bi mozioak:

Ehbilduren mozioa

PSEren mozioa