Eduki publikatzailea
Atzealdea

Martxoaren 12ra arteko epea dago dirulaguntzak eskatzeko

Elkarte, erakunde zein norbanakoek Usurbilen hainbat alorretan egin asmo dituzten ekimenak sustatzeko, dirulaguntzen deialdia arautzen dituen oinarriak argitaratu dira gaur Gipuzkoako Buletin Ofizialean. Beraz, bihartik hasita, 20 eguneko epea dago kultura, kirola, ingurumena, nekazaritza, abeltzaintza, gizartegintza eta tokiko garapenari lotutako proiektuetarako dirulaguntzak eskatzeko. Hau da, martxoaren 12an bukatzen da epea. Guztira, 212.400€ bideratuko ditu Udalak, egitasmo horiek guztiak diruz laguntzeko. .

2019·02·12


Gaur argitaratu dira Gipuzkoako Buletin Ofizialean zein Udalaren webgunean (http://www.usurbil.eus/eu/diru-laguntzak) 2019rako dirulaguntza deialdia arautzen dituen oinarriak. Horrenbestez, martxoaren 12ra arteko epea dago kultura, kirola, ingurumena, nekazaritza, abeltzaintza, gizartegintza edota tokiko garapen sozioekonomikoari lotutako proiektuak aurkezteko. Udalak 212.400€ bideratuko ditu proiektuok diruz laguntzeko.

Hona hemen, labur-labur, arlo bakoitzeko deialdiari lotutako xehetasunak eta diru kopurua:

  • KULTURA: 80.000€

2019an zehar burutu asmo diren egitasmoak laguntzeko, 80.000 euro bideratuko ditu Udalak. Dirulaguntza horien bidez, kultura-sare eraldatzailea, dinamikoa eta parte-hartzailea sustatu nahi da, kultur eskaintza erakargarria, anitza, hurbila eta eskuragarria sortuz, eta, era berean, herritarrek ongi pasatzera bideratua
dagoena, eta bertako kultura balioan jarri eta gizarte integratzailea eraikitzen lagunduko duena. Dirulaguntzak erakunde publiko nahiz pribatuei eta norbanakoei emango zaizkie.

Dirulaguntzak ematerakoan, honako egitasmo hauek hartuko dira kontuan, honako irizpideon arabera:

- Ekimen orokorrak: gehienez ere, eskatutakoaren % 95 lagunduko da.

- Ikastaroak: Udalari eskatutako dirulaguntzaren % 60a emango da, gehienez ere. Ikastaroko parte-hartzaile bakoitzeko Udalak emango duen gehienezko diru kopurua 100 eurokoa izango da. Ikastaroek, derrigorrean, parte-hartzaileen diru-sarrera izan behar dute.

- Irteerak: eskatutako dirulaguntzaren % 10 emango du Udalak, gehienez ere.

- Kanpamentu, udako ekintza, txokoak...: Udalari eskatutako laguntzaren % 60 emango da, gehienez ere. Haur bakoitzeko hileko 60 euro, gehienez ere; 15 egunekoa bada, 30 euro, eta, astebetekoa bada, 15 euro.

 

  • KIROL TALDEENTZAT: 50.000€

Elkarte, erakunde edota norbanakoek Usurbilen egin asmo dituzten kirol-ekimenak lagunduko dira deialdi honen bidez. Dirulaguntza hori federatutako taldeentzat dago zuzenduta, eta 2019ko gastuak lagunduko dira.

 

  • EMAKUMEEN ETA GIZONEN KIROL EREMUAN SUSTATZEKO LAGUNTZAK: 5.000€

Emakumeen eta gizonen berdintasuna kirol-jardueretan sustatzeko egitasmoak diruz lagunduko dira deialdi honetan. Diruz lagunduko diren ekintzak irekiak izan behar dute, herritarren artean inolako bereizketarik egin gabe. Ekimenak Usurbilen bertan burutu behar dira, eta taldeak dagokion erregistroan izena emanda egon behar du.

 

  • KIROL EGOKITUA SUSTATZEKO DIRULAGUNTZAK: 3.000€

Kirol egokituko jardueretarako dirulaguntzak emango dira. Espresuki, kirol egokituko kolektiboei eta inklusioari lotutako egitasmoak hartuko dira kontuan. Herritarren parte-hartzea eta eskola-umeen inplikazioa bilatzen diren ekimenak lagunduko dira bereziki.

 

  • FEDERATU GABEKO ELKARTEENTZAT LAGUNTZAK: 1.000€

Deialdi honen xedea da kirol elkarteak izan gabe antolatzen diren kirol jardueretarako dirulaguntza zuzenak ematea. Hauxek dira baldintzak: ikastaroak antolatzen direnean, gehienez ere, eskatutako dirulaguntzaren%60a lagunduko da diruz. Ikastaroko parte-hartzaile bakoitzeko udalak emango duen gehienezko diru kopurua 100 eurokoa izango da. Eta ez dira onartuko diru-sarrerarik ez duten ikastaroak. Bestetik, norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol egitasmoak garatzeko dirulaguntzak ere kaleratu dira. Guztira, 15.400€ bideratuko dira.

 

  • INGURUMENA: 5.000€

Deialdi honetan erakunde pribatu zein publikoek edota norbanakoek 2018an garatutako egitasmoak lagunduko dira, beti ere aurretik diru-laguntzarik jaso ez badute. Gehienez ere, kostuaren %50 lagunduko da, eta egitasmo bakoitzari, gehienez ere, 2.000 euro emango zaizkio. Honako hauek dira lehentasuna izango duten ekintzak, besteak beste:

- Energiaren kontsumoa murrizteko egindako inbertsioak.

- Energia ez berriztagarriaren kontsumoa energia berriztagarriaren kontsumoarekin ordezkatzeko ekintzak.

- Energia nuklearra ez kontsumitzeko lagunduko duten ekintzak.

- Hondakinen sorrera murrizteko eta birziklapena bultzatzeko ekintzak.
 

  • NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA: 15.000€

Deialdi honetan erakunde pribatu zein publikoek edota norbanakoek 2018an garatutako egitasmoak lagunduko dira, beti ere aurretik dirulaguntzarik jaso ez badute. Gehienez kostuaren % 50 lagunduko da eta bakoitzari gehienez 2.000 € emango zaizkio. Lehentasunez honako ekintza hauek lagunduko dira, besteak beste:

- Usurbilgo nekazari gazteek (28 urtetik beherakoak) ustiapen berriak abiatzeko eta hobetzeko egitasmoak.

- Hildako animalien kudeaketa lanen gastuak.

-Ekoizpen ekologikoa bultzatzeko egitasmoak.

- Emakumeak nekazaritzan aritzeko ekintzak.

- Azken urteotan abandonatutako nekazaritza lurretan nekazaritza-jarduera berreskuratzeko ekintzak edota abandonatzeko arriskuan dauden lurrak berreskuratzeko ekintzak.

- Bertako produktuen kontsumoa bultzatzeko ekintzak.

 

  • GIZARTEGINTZA: 12.000€

Gizarte zerbitzuen arloan irabazi asmorik gabeko norbanako, erakunde eta elkarteek 2019an burutu asmo dituzten ekimenak lagunduko dira deialdi honen bitartez.

 

  • DESERROTZE ETA BAZTERKETA ARRISKUAN DAUDEN PERTSONEN SENIDEENTZAKO LAGUNTZAK: 4.000€

Usurbildik kanpo dauden pertsonen senideak laguntzeko laguntzak dira. Zehazki, erabaki judizial baten ondorioz, izan espetxean, izan zentro psikiatrikoren batean edota izan drogamenpekotasun-zentro batean eta aldi batez haien ingurune familiarrera etorri ezin diren pertsonen senideei sortutako joan-etorri gastuetarako laguntzak dira. Egoera horrek eraginda 2018an egindako bidaien gastuak lagunduko dira. Gutxieneko dirulaguntza Usurbildik senidea dagoen zentroraino dauden kilometroak (joan-etorria) bider 0,29 € izango da. Dirulaguntza hori, gehienez ere, hilean behin emango da. Nolanahi ere, diru-sarreren araberako dirulaguntza osagarriak ere eskatu ahal izango dira. Halaber, onuradun bakarra egongo da egoera horretan dagoen pertsona bakoitzeko. Pertsona horiek Usurbilen erroldatuta egon behar dute, edo bertan jaiotakoak izan behar dute.

 

  • IGOGAILUAK INSTALATZEKO LAGUNTZAK: 10.000€

2018an bi solairu edo gehiagoko etxebizitzetan igogailu berria jarri duten jabeei dirulaguntza emango zaie. Eskaera bakoitzeko, gehienez ere, 1.000€ emango dira, diru-sarreren arabera. Laguntzak jasotzeko honako baldintzak zehaztu dira: etxebizitzaren jabea izatea; igogailua jarri nahi den etxean gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin erroldatuta egotea eta bertan bizitzea; eta igogailua duen bigarren etxerik jabetzan ez izatea.

 

HUTSIK DAUDEN LOKALETAN JARDUERA BERRIAK JARRI NAHI DITUZTENENTZAT, DIRULAGUNTZAK

Ekintzaileei laguntzeko eta Usurbilen hutsik dauden merkataritzako lokaletan jarduera ekonomiko berriak sustatzeko asmoz, 2019 urteko lokalaren alokairurako dirulaguntzaren deialdia egin du Udalak. Dirulaguntza honen onuradunak honako hauek izango dira: Usurbilen hutsik dagoen merkataritza-lokal batean jarduera ekonomiko berri bat abian jarri nahi duen edonor, izan pertsona fisikoa izan juridikoa, eta ekintzaile interesatuaren bizilekua edozein izanik ere, izan Usurbil edo izan beste udalerri bat. Halaber, ekintzaileak jarduerari berari dagokion Jardueren gaineko Zergan alta emanda egon beharko du, gehienez ere, hiru urteko antzinatasunarekin. Edonola ere, lehentasuna proiektuok izango dute: batetik, herrigunean nahiz auzoetan gaur egun herritarrei eskaintzen ez zaizkien zerbitzuekin lotura duten proiektuek; eta, bestetik,
ixtera doazen edo itxi berriak diren jarduerekin jarraitu nahi duten proiektuek.

Lokalaren alokairuaren ordainketan laguntzeko izango da dirulaguntza. Alokairuaren prezioa, gehienez ere, 10 euro metro koadroko izan beharko du, eta alokairuan hartzen den lokalaren kontratuak 12 hilabeteko iraupena izan beharko du, gutxienez. Lehen bi urteetan emango ditu laguntzak Udalak, edonola ere, urtero egin beharko da eskaera. Guztira, 7.200 euro bideratuko ditu lehen urteko alokairuen ordainketetarako, eta 4.800 euro bigarren urtekoak ordaintzeko. Hala, lehenengo urtean, alokairu-gastuaren % 40a ordainduko du, gehienez ere, 300 euro hilean; eta, bigarren urtean, alokairu-gastuaren % 30a, gehienez ere, 200 euro hilean. Proiektuak aurkezteko bi epealdi zehaztu dira: bata, apirilaren 30a baino lehen, eta, ebazpena orduan emango da, eta, bestea, irailean.