Albisteak

Atzealdea

Martxoak 8: Ordezkaritza orekatu baterako 8 printzipio eta murrizketen aurrean konpromesua

Otsailaren 28ko Osoko Bilkuran, udalbatzak Martxoaren 8aren inguruko hurrengo adierazpen instituzionala onartu zuen.

2017·03·01


“Emakume gutxi daude ordezkatuta udal mailan erabakiak hartzeko guneetan, eta tokiko politikan sartzeko eta berdintasunezko parte-hartzerako arazo espezifikoei aurre egin behar izaten diete”. Hori jaso zuen Inger Lingek Europako Kontseiluko Toki eta Eskualdeko Agintarien Kongresuaren 31. saioan aurkeztutako txostenean.  


Erabakiak hartzeko guneetan emakume eta gizonen arteko parte-hartze orekatua edozein gizarte demokratikoren aurretiko baldintza da. Emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten Berdintasunerako Europako Gutunean horrelaxe baieztatzen da, eta tokiko gobernuei honakoa eskatzen zaie: beharrezko neurriak eta estrategiak hartzea, emakume eta gizonen ordezkaritza eta parte-hartze orekatua sustatzeko erabakiak hartzen diren tokiko esparru guztietan.


Neurri horien artean, Eusko Legebiltzarrak onartutako Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako 4/2005 Legearen 23. artikuluak xedatzen duenez, “euskal herri-aginte guztiek, beren zuzendaritza-organoetako eta organo kolegiatuetako kide izateko pertsonak izendatzerakoan, izendatutakoen artean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatu behar dute. Xede horretarako, beharrezkoak diren arauzko neurriak edo bestelakoak hartuko dituzte”. Aipatutako Lege horretan, profesionalen, enpresaren, gizarte-ekonomiaren, sindikatuen, politikaren, kulturaren eta bestelako arloetako elkarte eta erakundeen zuzendaritzako organoetan emakume eta gizonen presentzia orekatuari buruz hitz egiten da.

Horretarako, zuzendaritzako organoetan emakumeen presentzia areagotzea ahalbidetzen duten neurrien arabera dagozkien diru-laguntzak egokitu ahal izango dituzte, eta ezin izango diete inolako laguntzarik eman hautaketa-prozesuan edo lan-jardunean sexua dela-eta bereizkeria eragiten duten elkarte edo erakundeei.

Udalgintzan, EAEko udaletako %24,7an soilik daude emakume alkateak, eta euskal herritarren %18,82 ordezkatzen dute. 2015ean, alderdi politikoek %32,58an soilik aukeratu zituzten emakumeak hauteskunde-zerrendako zerrendaburu, eta, iraunkortasunari dagokionez, emakumeek abiadura motelagoan igo ohi dira mailaz, baita lidergoan denbora gutxiago iraun ere. 


Elkarteetako emakume eta gizonen parte-hartzeari buruzko ehunekoei dagokienez, generoko ezberdintasun nabaririk izan ez arren, tradizioz rol femeninoa duten elkarteetan gehiago dira emakumeak: hezkuntza, erlijio, garapenerako lankidetza eta gizarte-laguntzako elkarteetan. Kirol, politika, sindikatu, lanbide, arte eta herritarren esparruko elkarteetan, aldiz, nagusitasun txikiagoa dute.


Bestalde, emakumeen elkarteek, oro har, aurrekontu eta eragin-gaitasun mugatua izan ohi dute udal politiketan.


Honekin batera, diskurtso ofizialek krisia merkatuen errentagarritasun galeragatik sortu zela esan zigutenean, emakumeon eskubideak denboraz luzez zeudela krisian ekarri genuen gogora. Orain berriz, ustez krisitik irteten ari garenean, emakumeon eskubideak inoiz baino krisi latzagoan kokatuak daudela esan behar dugu:  Esparru publikoari dagokionean, bertan gauzatu diren murrizketek bereziki eragin dute emakume eta gizonen arteko desoreka areagotzea: helduentzako eguneko zentroetan zein geriatrikoetan dauden itxaron-zerrendak, esparru publiko horretan burutu beharreko zaintza eta artapen lana esparru pribatura ekarri du, emakumeek betetzen duten ordaindu eta aitortu gabeko esparru pribatura. 


Osasun sistema publikoan izaten ari diren murrizketek ere (ohe gutxiago, langileen murrizketak, osasunari begirako prebentzio zerbitzuen murrizketa, kribatuetan edota umetoki zein bularreko minbiziaren prebentziorako frogei eusteko adin mugaren igotzeak besteren artean), emakumeen osasunean eragin dute atzerako eraginarekin.


 Berdintasunaz eta indarkeria matxistaz arduratzen diren departamentuei begiratuz gero berriz, erakunde nagusietako aurrekontu orokorrarekin alderatuz gero, berdintasun eta indarkeriaren artapenerako partidak izoztu edota behera egin dutela ikusi dugu.
 Esparru pribatuan ere, aldi baterako lanaldiak, lansari eskasak, egun gutxi batzuetarako kontratu sistema prekarioak, bereziki emakumeei zuzenduak izan dira.


Usurbilgo Udalak Berdintasunerako Europako Gutunetik eratorritako konpromisoak onartzen ditu, baita emakume eta gizonen berdintasunerako 4/2005 Legean ezarritako betebeharrak ere, honako honetarako konpromisoa hartzeaz gain:


1. Kontsultarako eta erabakiak hartzeko organoetan emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua eta tokiko edozein organotarako izendapenak bermatzea, betiere, sexu batek ere ez dezan izan %40tik beherako ordezkaritza (emakumeen parte-hartzea sustatzeko egitura espezifikoetan izan ezik).


2.  Zenbait mekanismo ezartzea, hautatutako emakume ordezkariak eskumen-banaketa edo funtzio-esleipen estereotipatuen edo bestelako diskriminazio- edo jazarpen-moduen eraginpean izatea eragozteko.


3.   Parte-hartzea eta bizitza pertsonal eta familiarra uztartzea ahalbidetzen duten neurriak hartzea, ordutegien eta lan-metodoen eta herritarrei laguntzeko sistemen bidez.


4.  Sexuaren arabera bereizitako estatistikak jaso, bideratu eta publiko egitea, itxura sistematikoa emateko, tokiko esparruan emakumeen parte-hartzearen bilakaeraren jarraipena egin eta analisi horren araberako neurri zuzentzaileak ezartzeko.


5.  Emakumeen parte-hartzea indartuko duten espazioak eta sareak sendotzea, hala nola, emakumeen etxeak, jabekuntza eskolak eta/edo udal berdintasuneko kontseiluak, eta, besteak beste, emakume hautetsientzako ‘Virginia Woolf Basqueskola’ jabekuntza-eskolako programan parte har dezaten ahalbidetzea. 


6. Udalerriko emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoaren sustapena ahalbidetzen duten ekintza espezifikoak ezartzea modu inklusiboan, batez ere, gutxiengoen taldeko kideak diren emakumeei dagokienez. 


7.   Udalerrian gauzatzen diren parte-hartze prozesuek genero ikuspegia kontuan hartzen dutela bermatzea.


8. Udaletako berdintasun sailetan eta gainerako udal sailetan neurri horiek gauzatu ahal izateko baliabide nahikoak jartzea,


9, Usurbilgo Osoko Bilkurak, konpromisoa hartzen du legegintzaldian murrizketarik ez burutzeko herritarrei zuzendutako zerbitzu publikoetan, bereziki emakumeengan eragingo duten zerbitzuei dagokionean eta berdintasun partidak igotzeko 2017tik 2019ko aurrekontuei dagokionean.
Emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa indartzeko xedez, alderdi politikoei eskaera egiten diegu konpromiso hauek beren gain har ditzaten eta beste eragile politiko eta sozialentzat ereduzkoak diren neurriak har ditzaten.