Albisteak

Atzealdea

Martxan da Usurbilgo Esperientzia Eskolaren ikasturte berria

Ikasturtea iraila eta ekaina bitartean luzatzen da, eta astean bi orduko saio solteak antolatzen dira, astearte arratsaldetan, Artzabal Jubilatuen Etxean.

2016·09·13


Usurbilgo Esperientzia Eskola 55 urtetik gorako Usurbilgo herritarrek, lan mundua utzi ostean, esperientziak landu, elkar-trukatu eta ezagutza berriak eurenganatzeko proiektua da. Partaideen garapen pertsonala sustatzea du helburu, ikuspegi fisiko, psikiko eta sozial batetik. Bide bertsutik, taldeak herri-mailan eta gizartean eragiteko duen ahalmena ere lantzen da; hau guztia errealitate soziala aztertzeko eta interpretatzeko bitartekoak emanaz. 
 
Ikasturtea iraila eta ekaina bitartean luzatzen da, eta astean bi orduko saio solteak antolatzen dira, astearte arratsaldetan, Artzabal Jubilatuen Etxean. Gai-zerrenda oso zabala lantzen dute partaideek: arnasketak, osasun-zainketa, komunikazioa, informatika, musika, literatura eta abar luze bat. Hau guztia oso modu ireki eta parte-hartzailean burutzen da, eta partaideek ez dute inolaz ere aurretiazko esperientzia edo ezagutzarik izan beharrik. Aurtengo ikasturteari irailaren 20an emango zaio hasiera eta dagoeneko bertan parte hartzeko epea irekia dago. Usurbilgo Gizarte-Zerbitzuetan eman behar da izena, (Kale Nagusia 43, behea edo 943 37 71 10 telefonora deituaz).