Eduki publikatzailea

Atzealdea

Lanbide Heziketan D ereduan egin daitezkeen zikloei buruzko informazioa ari zaie zabaltzen udala herriko gazteei

Laster zabalduko da 2018/2019 ikasturterako Lanbide Heziketan izena emateko epea, eta hori dela eta, Buruntzaldeko udalek horretarako adinean dauden gazte guztiei Lanbide Heziketan euskaraz egin daitezkeen zikloen berri eman diete. Gaur egun, arlo guztietan daude euskaraz egiteko aukerak, D ereduan edota B ereduan. Buruntzaldeko udalen iritziz, ikasketak euskaraz eginda, prestakuntza osatuagoa jasoko dute gazteek. Gainera, ikasketak euskaraz eginez gero, euskararen jakite mailaren baliokidetzak ziurtatuko dituzte, azterketarik egin gabe, hala nola erdi-mailako zikloetan B-1 eta goi-mailakoetan B-2.

2018·04·13


Maiatzaren amaieran zabalduko da 2018/19 ikasturterako Lanbide Heziketan izena emateko epea, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitutako gazteak aukera egin beharrean izango dira berehala. Zer egin, nola jarraitu, adar batetik ala bestetik jo... Zaila eta korapilatsua izaten da, askotan, une hori, eta batetik eta bestetik informazioa eskuratu, aztertu, ingurukoekin konpartitu eta zirt edo zart egin behar izaten da.

Hala, Lanbide Heziketako ikasketak D ereduan segitzera gonbidatu nahi dituzte gazteak Buruntzaldeko udalek, prestakuntza osatuagoa jasoko dutelako eta aukera gehiago izango dutelako lan munduan bi hizkuntzak ongi jakinda. Gainera, ikasketak euskaraz eginez gero, B-1 (erdi mailako zikloa eginez gero) eta B-2 (goi mailakoa eginez gero) euskara-agiriak eskuratu ahal izango dituzte ikasleek. Gaur egun ia arlo guztietan dago euskaraz egiteko aukera, D ereduan edota B ereduan, eta gazteei laguntzeko eta orientabideak emateko helburuz, Lanbide Heziketan hasteko adinean dauden eskualdeko gazte guztiei bidali diete honen guztiaren inguruko informazioa udalek.

Besteak beste, honako ziklo hauetan egin daiteke euskaraz:

- Administrazioa eta kudeaketa

- Elektrizitate eta elektronika

- Gizarte eta kultur zerbitzuak

- Fabrikazio mekanikoa

- Energia eta ura

- Instalazio eta mantentzea

- Osasungintza

- Nekazaritza

-...

Inguruko eskualdeetan ere, aukera zabala dago Lanbide Heziketako ikasketak euskaraz egiteko. Informazio gehiago honako webguneetan aurki dezakezue:

www.ikaslan.net (ikastetxe publikoak)

www.hetel.eus (ikastetxe pribatuak)