Eduki publikatzailea

Atzealdea

Kultura demokratikoaz

Ekaineko Udalberri zenbakian argitaratutako idatzia

2018·06·07


Gipuzkoako Foru Aldundiak kultura politikoa hartu du aztergai. Lan batean bildu ditu gipuzkoarron iritziak, eta ordezkari politikoekin eta gizarte eragileekin partekatu du inkestek azaleratutakoa.

Kultura politiko demokratikoaz hitz egin da, herritarrek jarduera politikoa ulertzeko eta bizitzeko duten moduaz, inplikazioaz, parte hartzeko beharraz, komunikazioaz eta jendarte aktibo baten komenientziaz. Belarriak goxatzeko moduko hitzak esan zaizkigu.

Lasarte-Orian egin zen aurkezpen-ekitaldia maiatzaren 14an, eta bertan izan ginen Usurbilgo Udaleko zenbait ordezkari.

Saioak burura ekarri zizkidan hainbat gogoeta, mailu baten antzera kolpatzen nindutenak. Horietako gogoeta batzuk saioan bertan adierazi nituen; txoko honetara ere ekarri nahi ditut orain.

Bat nator jarduera politikoari beste izaera bat emateko beharrarekin. Haatik, kultura berri bat sortu nahi bada, praktikara eraman behar da hitzez esandakoa. Bestela, itxurakeria hutsa da, beti-betikoa zuritzeko posea.

Eta, praktikan, Aldundiak ez digu usurbildarroi aukerarik eman gure borondatea adierazi eta errespetatua izan dadin. Begien bistan ditugu bi adibide ezin argigarriagoak: errauste-planta eta autobus-zerbitzua. Bietan, arazoa ez da desberdin pentsatzea, baizik eta erabakiak hartzeko modua, gehienbat osasunari edo bizi-baldintza oinarrizkoei eragiten dieten gaietan.

Autobus-zerbitzuari dagokionez, proposamen behin-betikoaren tramitea bideratu da, baina horraino ailegatzeko ez da aukeren azterketarik egin herritarrekin, ez eta idatziz erantzun ere herritarrek aurkeztutako 2000 alegazio ingururi.

Errauste-plantarekin gertatzen ari dena izugarria da. Usurbilgo Udalari ez zitzaion herri-kontsulta bat egiten utzi, batez ere Foru-Aldundiak kontrako txostena egin zuelako. Eztabaida publiko pausatu eta sakonari aukera guztiak itxi zaizkio. Hondakinak kudeatzeko plan integral zaharkitua aplikatu da, eta plan berria partaidetzaz diseinatzeko aukerari muzin egin dio Aldundiak, agindutakoa bete gabe. Horrez gain, kargu politikoen jarduera zigor pertsonalekin ordainarazi da, osasun arloko profesionalei mespretxu egin zaie, ez da inongo enpatiarik erakutsi herritar askoren kezka, beldur eta samin benetakoarekin. Esan da soluzio bat aurkitu dela, baina halako haserrea, sumindura eta erantzun soziala eragiten duen egitasmoa ez da soluzio, eta ez da sekula izango.

Kultura politiko demokratikoak eskatzen duenaren oso bestelako bidea egin da, orain arte.

Eta orain arte diot, garaiz delako egoera honi buelta emateko oraindik ere. Aukera badago herritarren ezinegonari eta kezkari irtenbide egokia aurkitzeko. Beti da garaiz.

Belarriak goxatzeko moduko hitzak esatetik harago, Aldundiak aukera paregabea du benetako kultura politiko demokratikoaren, partaidetzaren eta inplikazio sozialaren baloreak aplikatzeko, beste herri-erakunde eta eragileekin batera. Usurbildarrok eskertuko genuke, behar dugu, eta merezi dugu.