Eduki publikatzailea

Atzealdea

Ordenantza fiskalak KPI-aren azpitik igotzea erabaki du udalbatzak, behin-behinean

2019rako zerga ordenantza hasieraz onartu du Usurbilgo udalbatzak gehiengo osoz, atzo egindako osoko bilkuran. % 1,75ekoa izango da igoera orokorra, hau da, zergak eta tasak KAPI-aren azpitik igotzea proposatu du udal-gobernuak. Bestalde, 2019ko aurrekontuak zirriborratzen ari dira, eta azaroaren 19tik 22ra bitarte, auzoz auzo aurkeztuko dizkiete herritarrei, euren ekarpenak jasotzeko.

2018·10·31


Atzo arratsaldean Usurbilgo udalbatzak egindako ohiko bilkuran, 2019ko ordenantza fiskalak onartu zituen, gehiengo osoz. Udal-gobernuak % 1,75eko igoera ezartzea proposatu du, hau da, KPI-ak izango duen igoeraren azpitik. EHBilduk baino ez zuen babestu proposamena; EAJ eta PSE abstenitu egin ziren. Alaitz Aizpurua Ogasun zinegotziak azaldu duen % 1,75eko igoera aplikatzeko arrazoia: “Abuztutik abuztura arteko KPI-aren indizea hartzen da aintzat ordenantza fiskalen zenbatekoa ezartzeko. Aurten % 2,3 garestitu da bizitza, baina, guk ez dugu igoera hori aplikatu. Azpitik utzi dugu, eta langile publikoen soldatetan ezarriko den % 1,75eko igoera hartu dugu aintzat”. Edonola ere, hainbat salbuespen ere izango dira. Izan ere, igoera orokorra % 1,75ekoa izango bada ere, hainbat prezio mantendu egingo dira, besteak beste, honako hauek: jarduera ekonomikoen gaineko zerga (IAE); eraikuntza, instalazio eta obrei buruzko zerga (ICIO); gainbalioa, edota eguneko arretaren prezioa.

Orain erreklamazioak aurkezteko 30 eguneko epea zabaldu da.

Zerga ordenantzetan honako zerga, tasa edota prezio publiko zehazten dira, besteak beste:

  • Zergen multzoan: Ondasun Higiezinei buruzko Zerga (IBI); Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (IAE); Eraikuntza, Instalazio eta Obrei buruzko Zerga (ICIO); eta, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zerga.

  • Tasak: ura eta estolderiaren eta hondakinen tasak, besteak beste.

  • Prezio publikoak: etxez etxeko zerbitzua, kiroldegiko abonua edota eguneko zentroa.

Kiroldegiko abonua Buruntzalde mailan zehazten da, eta datorren urteko zenbatekoa zertxobait igotzea erabaki dute udal guztiek, hau da, % 2,05eko igoera ezarriko da.

2019ko aurrekontuak

Halaber, 2019ko udal-aurrekontuak zirriborratzeko sasoia ere izaten da honakoa, eta udal-gobernua horretan ari da, hau da, aurrekontuak atontzen, handik eta hemendik kentzen, egin asmo dugun guztia egin ahal izateko. Aurrekontuen bidez, datorren urtean usurbildarron xoxak non eta zertan gastatuko ditugun erabakitzen da. Udal-gobernua, ordea, ez da orri txuri baten gainean hasi lanean. Izan ere, legegintzaldi hasieran onartutako gobernu-programa aintzat hartzeaz gainera, Kale Irekiak parte hartzeko prozesuan herritarrek egindako ekarpenei eta proposamenei eman nahi zaie lehentasuna 2019an.

Hain zuzen, horretaz guztiaz hitz egiteko, eta herritarren proposamenak biltzeko asmoz, auzoz auzo batzarrak antolatu ditu Udalak. Hala, azaroaren 19tik 22ra arteko astean egingo dituzte bilkurak herritarrekin.