Eduki publikatzailea

Atzealdea

Kea. Kezka.

Uztaila amaierako Udalberrin UCIni buruz idatzitako artikulua

2018·07·27


“Aire garbiak bira nazan” lema erabiltzen dugu usurbildarrok, errotak eskuetan ditugula, arnasten dugun aireak garbia izan behar duela eskatzeko. Urteak dira airearen kalitateaz ardura erakutsi dugula, hainbat arrazoi direla medio: erraustegiaren inposizioa, herrian diharduten zenbait enpresaren ke-emisioak, autoen erabilera neurriz gaindikoa…

Kea oso presente dago gure egunerokoan, eta herritarrok adierazi diguzue zuen kezka, egonezina eta haserrea. Udala jakitun da. Testuinguru horretan, berriki zenbait erabaki eta gertakari kateatu dira, egoeraren adierazle direnak nabarmen.

Batetik, UCINen ke difusoen emisioa eteteko obra baten lizentzia eman dio udalak enpresari. Ke difuso horiek teilatutik ateratzen dira, mantenimendu-labeak sortuta. Urteak daramatza udalak ke horiek kontrolatzeko eskatzen eta presionatzen, eta, hainbat ahaleginen ondorioz, ke horiek ondo jasotzeko suburua edo kanpaia jartzera doa enpresa abuztu honetan. Baimenean esaten denez, kanpaia eta estalki berriek itxita egon behar dute, ke difusoen irteera eragozteko. Tximinietako filtro sistema hobetzeko lanak ere egingo dira.

Obra horiekin batera, UCINera iristen den aluminiozko txatarra busti ez dadin, biltegi bat eraikitzeko baimena ere bideratu da.

Tramite horiek lantzeaz bat, uztailaren 19ko ilunabarrean behe-lainoa balitz bezala zabaldu zen herrian ke-lainoa. UCINen zuen sorburua. Labetik jasotako zepak istripuz lurrera erori, eta oxigenoarekin kontaktuan jarri zirenean sortu zen kealdi izugarria. Susto galanta. Udal ordezkariok bertatik bertara ikusi genuen gertatutakoa, eta Udalak abiatua du erantzukizunak eta neurri zuzentzaileak eskatzeko prozedura.

Eta, biharamunean, herritar talde batek deituta, UCINen isurketa kutsakorrak salatzeko elkarretaratzea egin zen. Herri aktiboa plazara agertu zen berriz ere. Elkartutakoek neurri eraginkorrak eskatu zituzten kutsadurari aurre egiteko.

Hor dira herritarrak, maila eta ardura desberdineko herri-erakundeak, eta enpresak. Hor da arazoa. Ezin da beste aldera begiratu, eta aktore bakoitzak jakin behar du zein den bere egitekoa eta erantzukizuna. Bereziki, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak herritarren bizi-kalitateaz eta ingurumenaz duen ardura bere gain serio hartu, eta kontrol- eta zaintza-neurriak zorrotz bete beharko lituzke, hainbatetan eskatu diogunez.

Bai, gaur, hemen, neurriak behar ditugu, baina neurriak benetan eraginkorrak izango badira denok jarri behar dugu guretik, enpresetatik hasita.