Eduki publikatzailea

Atzealdea

Kataluniako atxiloketak eta espetxeratzeak salatu ditu Udalak eta guztiak libre uzteko eskatu du

Kataluniako ordezkari politikoen atxiloketak direla eta, adierazpen instituzionala onartu zuen atzoko udalbatza saioak. Herritarrek aukeratutako ordezkari politikoak atxilo hartzea onartezina dela dio, eta espetxeratuei babesa eta elkartasuna adierazteaz gainera, “bihotzez eta irmoki” eskatzen du libre uzteko. Ehbilduko hautetsien babesa baino ez zuen jaso; EAJ abstenitu egin zen, eta PSEk aurka bozkatu zuen.

2018·03·28


Azken egunetako gertakariak direla eta, udalbatza saioak adierazpen instituzional bat onar zezan eskaera egin zuen EHBilduk. Euren babesa baino ez zuen jaso proposamenak; EAJ abstenitu egin zen, eta PSEko zinegotziak aurka bozkatu zuen.

Honelaxe dio, hitzez hitz, proposamenak:

Jordi Turull, Carme Forcadell, Raül Romeva, Jospe Rull eta Dolors Bassa kartzeleratzea dimentsio politiko izugarria duen gertakaria da. Herritarrek aukeratutako ordezkari politikoak atxilo hartzea onartezina da demokrazian. Usurbilgo Udalak, batetik, kezka eta erabateko arbuioa adierazten du kartzeleratze horiengatik, eta bestetik pertsona horien oinarrizko printzipio demokratikoak urratzen direla salatzen du. Soilik arrazoi politikoen motibazioa eta bultzada dago atxilotze eta kartzelaratze horien atzetik.

Usurbilgo Udalak babesa eta elkartasuna adierazten die Jordi, Carme, Raül, Jospe eta Dolorsi, bai eta beste kartzeleratuei eta atzerrira ihes egindako guztiei. Denak libre utz ditzaten eskatzen dugu buruz, bihotzez, eta irmoki.

Era berean arbuiatzen dugu Carles Puigdemonten atxiloketa, erabaki horrek ere oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratzen dituelako. Carles askatzea eta euroagindua bertan behera uztea eskatzen dugu.

Estatu espainolari eskatzen diogu oinarrizko askatasunen aurkako estrategia errepresiboa bertan behera utz dezala, demokraziaren funtsezko printzipioen kontrakoa delako.

Kataluniari elkartasuna helarazi nahi diogu, arazo politikoaren eta errepresioaren jomuga Kataluniako gizarte osoa baita.

Kataluniak, Euskal Herriak eta munduko gainerako herriek bezalaxe, bere etorkizun politikoa erabakitzeko zilegitasun demokratikoa du, herritarrek demokratikoki adierazi eta erabakitzen dutenaren arabera”.