Albisteak

Atzealdea

Kalitate handikoa da Usurbilgo gaikako bilketa

2017an Usurbilen bildutako ontzi arinen eta papera eta kartoiaren gaineko balantzea egin du Ecoembesek, eta emaitzak, berriz ere, oso onak dira. Egindako azterketatik bi ondorio nabarmentzen dira: batetik, usurbildarrek inguruko herrialdeetako herritarrek baino paper eta kartoi eta ontzi arin gehiago bereizten dutela eta kalitate handikoa dela bereizten den hondakin mota, izan ere, %11 baino ez dira inpropioak.

2018·05·16


2017. urteari dagokion gaikako bilketaren gaineko azterketa egin du Ecoembesek, eta Usurbilgo datuak oso onak dira. Batetik, papera eta kartoiari dagokionez, 2017an, guztira, 394.940 kg jaso ziren, hots, aurreko urtean baino % 4 gehiago (ia 15.000 kg gehiago). Beste modu batera esanda, herritar bakoitzak 63,73 kg bereiztu zituen. Beheko grafikan ikus daitekeenez, inguruko herrialdeetako herritarrek baino askoz gehiago bereizten dute usurbildarrek. Ontzi arinei dagokionez, berriz, guztira, 275.400 kg jaso zituzten iaz (2016an baino %2,06 gehiago), herritar bakoitzeko 44,45 kg. Inguruko herrialdeetako datuekin alderatuz gero, usurbildarrek gainerakoek baino askoz gehiago bereizten dute: Bizkaian 15kg baino ez du bereizten herritar bakoitzak; Araban 20 kg, eta Gipuzkoan 28 kg.

Bestetik, gaikako bilketaren kalitatea ere neurtu du Ecoembesek, eta Usurbilgo inpropioen kopurua baxua da: % 11,2 baino ez. Azken urteetan, gainera, behera egin du nabarmen. Esaterako, 2015ean % 17,1ekoa zen inpropioen kopurua, eta 2016an % 13,5ekoa. Grafikan ikus daitekeenez, beraz, joera beheranzkoa da.