Eduki publikatzailea
Atzealdea

Kalezarko etxebizitza zaintzadunen auzunea 2022rako martxan izatea espero dute Udalak eta Matiak

Usurbilgo Udalak hasieraz onartu du proiektuaren plan berezia, eta jendaurrean dago, herritarrek alegazioak egin ditzaten. Hori dela eta, Usurbilgo Udalak lansaio bat egin zuen atzo herritarrekin, proiektuaren nondik norakoak azaldu eta euren ekarpenak jasotzeko. Proiektuak usurbildarren interesa piztu du: Sutegiko aretoa lepo bete zen. 14 milioiko inbertsioa egingo da, eta obrak datorren urte hasieran hasi nahi dituzte.

2019·03·14


Sutegiko auditorioa jendez bete zen atzo arratsaldean Kalezarren Matiak eraikiko duen etxebizitza zaintzadunen auzunean proiektuaren berri izateko. Usurbilgo Udalak hasieraz onartu berri du proiektuaren plan berezia, eta jendaurrean dago orain, herritarrek alegazioak egin ditzaten. Hain zuzen, herritarrek proiektuaren xehetasunen berri izateko helburuz, lansaioa deitu zuen Udalak, eta herritarrek ez zuten hutsik egin. Bikain erantzun zioten deialdiari: aretoa lepo zegoen. Lansaioa dinamizatzen eta aurkezpen lanetan Xabier Arregi alkatea, Maite Sancho Matia Fundazioko Planifikazio zuzendaria eta Enrique Etxeberria arkitektoa aritu ziren. Adierazi zutenez, datorren urte hasieran espero dute obrak hastea eta 2022rako martxan jartzeko aukera izatea.

Xabier Arregik proiektuak izan duen ibilbide luzearen berri eman zuen, izan ere, gogorarazi zuenez, lehen saiakera 2009. urtean egin zen, Xabier Mikel Errekondo alkate zela: “Orduan finkatu ziren proiektuaren oinarriak”. Krisi ekonomikoak eraginda, etenaldia izan zuen proiektuak, eta legealdi honetan heldu ahal izan zaio ostera, erakundeen arteko elkarlanari esker. “Orduan ernaltze bidean jarri zena, loratu da”. Horretarako baina, mugarritzat jo zuen herriko jubilatuek burututako sinadura-bilketa. 3.000tik gora bildu zituzten, eta bultzada “erabakigarria” eman zion. Horregatik, alkatearen irudiko, Usurbil ez da kokaleku soila: “Usurbildarrok geure artera ekarri dugu, eta proiektu honen mamian eragile aktibo izan gara”. Edonola ere, hasierako proiektutik gaur artekora aldaketa “esanguratsuak” izan dira. Esate baterako, hasiera hartan, adinekoentzat egoitza egiteaz gain, etxebizitza pribatuak egitea aurreikusten zen, proiektua finantzatzeko helburuz. Haatik, orain, ekinbide pribatuari uko egin zaio, eta eraikigarritasun guztia baliatu da adinekoentzat ekipamenduak egiteko. Ekipamenduaren izaeran ere aldaketa nabarmena sustatu du Matiak, izan ere, ohiko erresidentziaren ordez etxebizitzak eraikiko baitituzte, Europa iparraldeko herrialdetan lantzen duten “etxean bezala” eredua gurera ekarriz. “Orduko ikuskera guztiz aldatu da eta horrek eragina izan du bai proiektu arkitektonikoan, bai proiektuaren izaera sozialean”, nabarmendu zuen alkateak.

Ohiko erresidentziatik etxebizitzara

Maite Sancho Matia Fundazioko Planifikazio zuzendariak eman zuen izaera berritzailearen berri. “Bizitzeko toki bat da, eta ez hiltzeko tokia”. Halaxe laburbildu zuen proiektuaren izana, eta Usurbil Euskal Herrian aitzindaria izango dela nabarmendu zuen: “Ez da ohiko erresidentzia bat. Etxebizitzak dira. Menpekotasuna duten pertsonen eta euren senide eta gertukoen bizi-kalitatea, intimitatea eta duintasuna bermatu nahi ditugu. Pertsona horiek ez dute bizimodu hori hautatu. Tamalez, hala egokitu zaie, eta, ondorioz, etxean bezala senti daitezen nahi dugu”. Han lanean arituko diren profesionalek ikuskera horrekin jardungo dute: “Gertuko profesionala izango da, pertsonaren babesle eta haien ongizatearen eta askatasunaren bermatzaile”.

Ikuspegi berritzaile horren arabera egin dute ere proiektu arkitektonikoa. Hala, helburua ez da izan gune isolatu bat egitea, baizik eta Usurbilen barneratzea. “Izaera komunitarioa oinarri, gizartea adinekoen lagun izatea nahi dugu, eta ez bazterrean uztea”, azpimarratu zuen Sanchok. Horretarako, auzune horrek itxura aldetik Kalezarko etxeen estetika antzekoa izango du, eta hainbat zerbitzu herritar guztientzat irekiko dituzte.

Enrique Etxeberria arkitektoaren esanetan, espazioa honako hiru oinarriren arabera antolatu dute: ingurunean integratua izatea, interakzio soziala eta pertsonen autonomia sustatzea. Horren adierazgarri da, esaterako, etxebizitzen irudi normalizatu eta atsegina, edota plaza publikoa, belaunaldiarteko harremanak sustatzeko, eta espazio eta giro anitz izango dituena.

Guztira, 110 etxebizitza izango ditu, eta 127 pertsonentzat tokia izango da. Horietatik, banako etxebizitzak 93 izango dira eta bikoitzak 17. Etxebizitza bakoitzak sukaldetxo txiki bat, egoteko gune bat eta logela izango ditu. “Familia-giroan edota lagunartean, intimitatean, lasai egoteko aukera ematen dute”. Kanpoaldean, erresidentzietako ohiko pasillo luze eta hotzak izan beharrean, gune zabalak eta konpartituez hornituko da. Argiztapena da asko zaindu den beste elementuetako bat: leiho handiak eta balkoi zabalak.

Udala eta Matiaren arteko hitzarmen soziala

Bestetik, bi erakundeek lansaioa baliatu zuten Matia Fundazioa eta Usurbilgo Udalaren artean lantzen ari diren hitzarmen sozialaren berri emateko. Oraindik ez da inondik inora dokumentu itxi bat, eta ekarpenetarako irekita dagoela aurreratu zuten. Edonola ere, esku artean dituzten edukiak aurreratu zituzten. Hala, Xabier Arregik aipatu zuenez, kontzertazio-eredu bidez kudeatuko da, hots, Matiak kudeatuko du auzunea, kontzertazio sistema bidez eta administrazio publikoarekin lotura izango du. Beste alde batetik, Arregiren hitzetan, “ez da eliteari begira egin”. “Jende arruntari begira egin da. Edonork izango du sartzeko aukera”. Zenbatekoa pertsona bakoitzaren irabazien arabera zehaztuko da. Bestetik, aurreratu zutenez, bi aldeen aldetik badago borondatea lanpostu berriak sortzekotan, usurbildarrei lehentasuna emateko, baldintzak betez gero, eta herritarrei prestakuntza eskaintzeko. “Ez soilik han lan egingo duten profesionalei, baizik eta edonori. Zaintzaren paradigma aldatzen ari da, eta herri-zaintza sustatu nahi dugu. Boluntarioen sareak eraiki, eta zaintza kolektibizatu”, nabarmendu zuen Arregik. Halaber, Puntapax Eguneko Zentroa hara eramango da eta plaza kopurua handitzeko aukera emango du. Bertako produktuak kontsumitzeko konpromisoa ere hartu du Matiak, baita Usurbilen izaera euskalduna aintzat hartzeko ere, eta, hortaz, euskararen erabilera bermatzeko.

14 milioiko inbertsioa

Adinekoen auzune berrian 14 milioi euro inbertitzea aurreikusten dute. Zenbateko horretan ez dago aurreikusita N-634ean egingo den autobus-geltoki berria eta igogailua. Zentzu horretan, alkateak nabarmendu zuen, igogailua ez dela proiektuaren osagarri, baizik eta proiektuaren parte esanguratsua dela: “Ezin daiteke halako proiektu bat garatu, mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatu gabe. Horregatik, ezinbestekotzat jo genuen N-634 errepidean autobus-geltoki berria eta igogailua egitea”. Obra horren kostua zehazteko badago ere, Usurbilgo Udalak 300.000 euroko diru ekarpena egingo du. Hori ez da izango Usurbilgo Udalak proiektu honetara bideratuko duen zenbateko bakarra. Izan ere, proiektuaren izaera soziala dela-eta, eta ordenantzetan jasota dagoenari jarraiki, Udalak ICIO Zergan (Erai­kuntza, instalazio eta obrei buruzko zerga) %90eko hobaria aplikatu du Udalak, hots, 530.000€-ko hobaria.