Albisteak

Atzealdea

JA Artzeren Ikimilikiliklik erakusketa Usurbilen izango da

Erakusketa Artzeren imaginario eta unibertsoan murgiltzeko modu bat da. Sortzaile gisara egindako ibilbidean barneratzeko modua eskaintzen du, bere hainbat liburu eta sormen lan erakutsiz eta azalduz.

2016·06·02


Gaur hasi eta Uztailaren 3ra arte, “Ikimilikiliklik JA Artzeren unibertsoa” erakusketa Usurbilgo Pottoenea Kultur Etxean ikusgai izango da. Morgancrea ekoiztetxeak sortutako erakusketa hau Donostiako San Telmo Museoan ikusgai izan zen 2015ko azarotik 2016ko otsailera eta Miarritzeko mediatekan ere izan zen, martxoaren 5etik apirilaren 2ra. Gaurtik aurrera, Usurbilen ere ikus daiteke, Joxanton Artzeren jaioterrian.

Joxanton Artzeren unibertsoa Usurbilen

Xabier Arregi, Usurbilgo alkateak agerraldian azpimarratu duen bezala, JA Artze (Usurbil, 1939) “herritar eredugarria izan da.” Arregiren ustez, “herria bizitzeko eta sentitzeko etnografo bikaina izan da: etxeen eta lekuen izenak ez ezik, bizitzeko moduari buruzko memoria bizia izan da, euskararekiko eta herri baloreekiko atxikimendua helarazi digu. Idazlea baino gehiago izan da, herriaren iraganaren berritzaile eta etorkizuneko giltzak eta hitzak eman dizkiguna. Kontzientzia liriko eta etiko bat.”

Ildo horretan, erakusketa, Artzeren imaginario eta unibertsoan murgiltzeko modu bat da. Sortzaile gisara egindako ibilbidean barneratzeko modua eskaintzen du, bere hainbat liburu eta sormen lan erakutsiz eta azalduz (besteak beste, aipagarriak dira zentzu horretan Isturitzetik Tolosan barru edota Gizon handia da mundua, eta mundu ttikia gizona).

Gaurtik aurrera zabalik

Gaurko aurkezpenean, besteak beste, Juan Kruz Igerabide, Mikel Laboa Katedrako zuzendaria, erakusketaren komisario izan diren Carlos Rodriguez eta Alberto Lizarralde izan dira, Jexux Artze Kultur Elkarteko arduradunekin batera. Denek, erakustak usurbilen “zentzu bikoitza duela” aipatu dute, “erakusketak Usurbil elikatzen duelako eta Usurbilek ere, bere aldetik, erakusketari zentzu emotibo berezia eskaintzen diolako.”

Ekitaldia borobiltzen, Zuaznabartarrak izan dira, Artze anaien lagun txalapartakideak, Artzek, literaturan ez ezik, txalapartan egin zuen berrikuntzaren adibide.

Ekainaren 3tik Uztailaren 3ra erakusketa zabalik egongo da, astelehenetik igandera 12:00etatik 14:00etara eta asteazkenetik larunbatera 18:00etatik 20:00etara. Sarrera doanekoa izango da.