Eduki publikatzailea

Atzealdea

Isiltasuna, oihu

Udalberriko laugarren zenbakiko idatzia

2018·03·08


Ostirala. Arratsaldeko lehen orduak. Abisua: emakume bat bortizki erasotua izan da.

Ez da han, toki urrun eta basatian. Hemen da, gure herrian, toki gertuko eta, bai, basatian.

Astelehen eguartea. Aurrean dut emakume erasotua. Besarkada beroa. Hitz egin duzu, entzun dizut. Begiek batzuetan begiratu egiten dute. Besteetan ihes egiten dute. Begiratzen didazu, baina galdua da begirada hori. Barrurantz zuzendua da. Eta begiratzen dizut, baina zauriak dena hartzen du. Minak dena okupatzen du: gorputza, begiratua, hitza, arnasa. Minak dardara du adierazpide. Dena esan duzu, hitz gutxitan. Malkoak ez dira kristalak, baina hauskorrak eta ertz bizikoak dira.

Ahizpa eta anaia dira aldamenean. Isiltasunak, noraezak, ausardiari egin dio bide. Ez gara gu lotsatu behar dugunak. Ez gara gu ezkutatuko garenak. Ezintasunari ez diogu amore emango, maite dugulako geure burua. Eta garrasi egingo dugu, entzun gaitzala, entzun gaitzatela. Oihu egingo dugu, justizia eske. Burua zut.

Astelehen arratsaldea. Elkartu gara. Hotz da. Hotz? Ez. Bero da. Ukitzen den beroa. Ama-aitak bertan dira. Zer da kalea zapaltzea? Zenbat balio du plazan egoteak? Indarra. Ahala. Zuena da, eta zuentzat. Isiltasuna badirudi ere, Mikel Laboaren intziria da entzuten dena.

Plazan da herria, eta herria da plaza. Ume, gazte, heldu. Muralaren aurrean, giza mosaikoa. Errituala baino dezente gehiago da. Atzokoa eta gaurkoa dago. Baina, batez ere, biharkoa. Buru argia, begi zolia, indarra, ahala, biharko beharko duguna. Herritarrak, denetarik izan, eta, behar denean, bat egiten jakin.

Entzun: ez dugu horrelakorik onartuko!