Albisteak

Atzealdea

Irekita dago Oiardo Kiroldegiko boulder berria

Martxoaren 8tik erabilgarri dago Oiardo Kiroldegiko boulder berria.

2016·03·22


Kirol pistara igotzeko dagoen arrapalaren azpian, futbol zelaiaren alboan kokatua dago. Zailtasun mailaren arabera dago antolatua gunea, eremu berde eta morean. Berde gunetik, zonalde morera zailtzen doa eskalatu beharreko altuera. More koloreko zonaldeko zati gehienak berrerabili egin dira, garai batean Kiroldegiko pistan zegoen “rokodromo” gunekoa berrerabiliz.

Boulder berriarekin, Usurbilgo Udalak kirol eskaintzaren dibertsifikazioa sustatzeko apustua berretsi nahi du.

Egitasmoak bere bidea egin du gaur arte. Lehenbizi, gunea babesteko lanak egin ziren. Gune itxia egoki aireztatua izango dute eskalatzaileek. Eta gero egokitu da boulderra. Prozesu honetan zehar, egitasmoa aurkeztu eta ekarpenak jasotzeko bilerak ere egin dituzte. Tartean, hogeitik gora erabiltzaile erakarri zituen saio bat.

Boulderra erabiltzeko araudia


-Boulderreko giltzak harreran eskatu behar dira. Amaitutakoan harrerara itzuli behar dira.
-Instalazioa erabiltzeko, gomendagarria da federazioaren lizentzia edukitzea.
-Gunea erabiltzeko gutxieneko adina, 16 urte da. Gazteagoak ere, adinez nagusia den arduradun batekin edo baimenduta, erabili ahal izango dute.
-Nahitaezkoa da, kalekoak ez diren oinetakoekin edo eskalatzeko oinetakoak erabiltzea.
-Ezin da heldulekuak manipulatu edo lekuz aldatu. Hala nahi izanez gero, instalazioaren arduradunen baimena beharko da.
-Boulderreko elementuren bat egoera txarrean badago edo akatsen bat duela ikusiz gero, arduraduna jakinaren gainean jarri behar da.
-Gunea garbi eta txukun mantentzea mesedegarria da denontzat, gauzak bere lekuan utzi.
-Ezin da magnesio-hautsa erabili.
-Erabiltzaile bakoitzeko txanda 5 minutukoa izango da.