Eduki publikatzailea

Atzealdea

Igerileku txikia handitzeko lanak irailean hasiko dira

Kiroldegiko igerileku txikia handitu eta irisgarri egiteko lanak atzeratu egin dira, eta, ondorioz, uztailean hasi ordez, irailean hasiko dira. Ondorioz, udaran igerilekua irekita egongo da, ohi bezala. Obrak atzeratuko badira ere, abonuetan ez du inolako eraginik izango, hau da, % 20ko konpentsazioa berdin-berdin aplikatuko du Udalak.

2018·06·13


Dakizuenez, inbertsio garrantzitsua egingo du Udalak aurten kiroldegian. Zehatz esanda, igerilekuan. Izan ere, igerileku txikia handitu egingo da eta irisgarri egin: alde batetik, igerilekura sartzeko koxka kendu egingo da, muga handia baita elbarritasunen bat dutenentzat, eta igerileku handiaren maila berean jarriko da; eta, beste alde batetik, kiroldegiko sarrerari zati bat kenduta, handitu egingo da nabarmen. Halaber, lan horiek baliatuko dira, ikusten ez den eta igerilekuaren azpian dauden instalakuntza guztiak berritzeko (tuberiak, kalderak, berogailuak….). Premia handia dute horretarako. Lan horietan Udalak 650.000 euro inbertituko ditu: 2018ko aurrekontuetako inbertsiorik garrantzitsuena da. Proiektu honek, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du.

Obra horiek nabarmen baldintzatuko dute igerilekuaren erabilera. Hasierako aurreikuspena lanak uztailean hastea bazen ere, atzeratu egin dira. Lanak esleitzeko, beste lehiaketa bat egin behar izan da, eta horrek atzeratu egin du prozesu osoa. Edonola ere, gauzak ondo bidean, lanak irailean hastea aurreikusten da. Ondorioz, udaran, kiroldegiko funtzionamendua betikoa izango da, eta igerilekua irekita egongo da. Kiroldegia abuztuaren 1etik 15era bitarte egongo da itxita, baina oporrengatik.

Bestalde, obrak beranduago hasiko badira ere, horrek ez du eraginik izango abonuetan, eta urte hasieran esan bezala, % 20eko konpentsazioa berdin-berdin aplikatuko die Udalak kiroldegiko abonatuei.