Albisteak

Atzealdea

Iazko aurrekontua ia osorik bete da

2017ko aurrekontuen likidazioa onartu berri du Udalak, eta itxierak emaitza onak eman ditu. Gastuak eta sarrerak aurreikusitakoaren azpitik geratu badira ere, sarrera gehiago izan dira gastuak baino, eta, ondorioz, 665.000 euroko superabita lortu da. “Zuhurtziaz kudeatu dugu dirua, eta aurreikusitakoa ondo exekutatu da, gastuen eta sarreren arteko oreka bermatuz”, nabarmendu du Alaitz Aizpurua Ogasuneko zinegotziak.

2018·04·13


Alkatearen dekretuz onartu berri du Usurbilgo Udalak 2017ko aurrekontuen likidazioa. Zenbakiak esku artean, Alaitz Aizpurua Ogasun-zinegotzia pozik dago emaitzarekin: “Aurrekontuak modu eraginkorrean kudeatu ditugu, eta horren lekuko da emaitza”. 665.439,24 €-ko superabita izan da. Hala, aurrekontuetan egonkortasuna bermatzeko helburua lortu da, hau da, defizita 0 izatea.

Aurrekontua ia osorik bete da, eta bai gastuetan eta bai sarreretan aurreikusitakoa ondo exekutatu da. Hala, sarreren atalean, 11.057.464 euro jasotzea aurreikusita zuen udalak, eta 10.594.032,50 euro sartu dira. Beraz, aurreikusitakoaren % 95,81 bete da. Gastuei dagokionez, bestalde, 11.057.464 euroko aurreikuspena zuen, eta 10.271.049,65 euro gastatu dira. Beraz, gastuen atalean, aurreikusitakoaren % 92,89 bete da. Edonola ere, exekuzio honetan Udalak 2017an dagoeneko hartuta dituen konpromisoak falta dira, hau da, 274.136,81 euro. Horrek ekarriko du exekuzio maila are handiagoa izatea.

Horrenbestez, gastuak eta sarrerak aurreikusitakoaren azpitik geratu badira ere, sarrerak gastuak baino handiagoak izan dira, eta horrek emaitza positiboa lortzea eragin du. “Zuhurtziaz kudeatu dugu dirua, eta aurreikusitakoa ondo exekutatu da, bai gastuetan bai sarreretan. Bien arteko oreka mantentzea oso garrantzitsua da, dirua gastatzea, edo inbertitzea, bezain garrantzitsua baita sarrerak neurri berean izatea”, azpimarratu du Alaitz Aizpuruak.

Taula honetan ikus daiteke, gastuen betetze maila zenbatekoa izan den, atalka:

Udalaren remanentea

2017ko kontuetan izan den emaitza kontuan hartuta, eta abian dauzkan konpromisoak (274.136,81 euro) txertatuta, udalak 940.375,53 euroko remanentea edo gerakina dauka. Gerakina udalek erreserban edota gordeta izan ohi duten dirua da. “Diru hori sor daitezkeen ezustekoei aurre egiteko edota urtean zehar egiten diren kreditu aldaketak finantzatzeko baliatzen da. Halaber, likidezia arazoak ez izateko ere, poltsa orokorrean dirua izatea oso garrantzitsua eta beharrezkoa da”. Poltsa ona du udalak, Aizpuruaren esanetan.

Bestalde, gaur egun, udalaren zor bizia %7,76koa da, hau da, 813.378,92 eurokoa da zorra. Oso datu ona da hori Aizpuruaren esanetan, legeak ezartzen duen mugatik oso azpitik. Legeak dio udalen zorra ezin duela izan 2016an onartutako ohiko eskubideen % 77 baino handiagoa.

“Aurrekontuak zuhurtziaz egitea oso garrantzitsua da. Zuhurtziaz egin behar da diru-sarreren aurreikuspena, sarrerak itsu-itsuan puztu gabe, eta gastuak ere zorrotz kontrolatu behar dira. Horrek soilik berma dezake urteko emaitza positiboa izatea. Giltzarria da”, dio Aizpuruak. Kudeaketa on eta egoki baten isla dira emaitzok, haren esanetan. Baina, hori ez dela urte bakarrean lortzen azpimarratu du: “Urteetan egin den politika eta gestio onak ekartzen du kaudimen ekonomikoa, eta Usurbilgo Udalak kaudimen ekonomiko ona du, hau da, bere betebehar ekonomiko guztiei erantzuteko gaitasuna du. Zenbakiek argi erakusten dute hori, eta, beraz, gurea ez ezik, aurrekoen meritua ere bada”.