Albisteak

Atzealdea

Hondakinekin “eredu propioa” lantzea aztertuko du Usurbilgo Udalak

Usurbilgo udaleko ordezkarien arabera, egingo den azterketa horrek ez du aukera bakarra baztertuko.

2016·07·27


Hondakinen kudeaketan eredu propioa garatzeko aukera ezberdinak aztertuko ditu datozen hilabeteetan Usurbilgo Udalak, joan den astearteko Osoko Bilkuran onartutako espediente irekieraren ondorioz. EH Bilduren aldeko bozkekin eta EAJ eta PSEren abstentzioarekin onartu da aipatutako espedientea, eta horrek ahalbidetuko du ikuspegi sozial, juridiko, tekniko eta ekonomikotik aztertzea zein den Usurbilentzako eredurik onena hondakinen gestioan. Izan ere, Gipuzkoako hondakinen gestioak urrats esanguratsua egin dezake uztailaren 28an, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) bileran Zubietako erraustegia eraikitzeko eta kudeatzeko pleguak onartzea bozkatuko baita.

Onartuko den lizitazioan esklusibitate klausula bat ezarriko da, eta klausula horren arabera hiri-hondakinak GHKren bitartez kudeatzera behartuko zaie Gipuzkoako herri guztiei. Horrek eragingo luke %83ko birziklapen-tasa lortu duen eredua aurrera eraman ezin izatea: “Behartutako egoera batera eraman gaituzte, eta uste dugu, gutxienez, usurbildarrei horrelako azterketa bat egitea zor diegula. Erraustegia ardatz bihurtuko duen eredu bat inposatu nahi digute, eta eredu horrek ez du inolaz ere ez gurearekin bat egiten, guztik kontrajarriak dira. Gauzak horrela, zentzuzko azterketa bat egingo dugu, eta, beste aukerarik ezean, gure bide propioa egiten ahaleginduko gara”, azaldu du Xabier Arregi Usurbilgo alkateak.

Usurbilgo udaleko ordezkarien arabera, egingo den azterketa horrek ez du aukera bakarra baztertuko, eta posible da gaur egungo eredua -San Marko eta GHKren menpean dagoena- Usurbilentzat egokiena ez dela ondorioztatzea.

“Guztiz salagarria”

Erraustegiak 1.568.000.000 euroko kostua izango du, eta instituzio publikoen bitartez haren %90a finantzatuko da, 1.407.000.000, hain zuzen. Bestalde, urtero ordaindu beharko diren  32 milioietatik, 29 erabilgarri izateagatik ordainduko da, eta gainontzekoa eramaten diren hondakin tonen arabera. “Biztanleka egingo da ordaindu beharrekoaren kalkulua, zenbat birziklatzen den ia aintzat hartu gabe. Jakina, horrek birziklatzen dugun herriok kaltetu egiten gaitu, eta galdera gaizto bat elikatzen du: zertarako birziklatu?”, dio Osoko Bilkurak onartutako adierazpenak.

Arregik gogor kritikatu du prozesua: “Alde batetik, herritarren benetako parte hartzeari ateak itxi zaizkio, eta, bestetik, maila berean jarriko dira %80tik gorako birziklapen maila lortzen duten herritarrak eta arlo horretan lanik egiten ez dutenak. Bukatzeko, burugabekeria honek aurrera egiten badu, birziklatze tasa altua dugun herrioi eragotzi egingo digute eredu jasangarrietan sakontzea. Osasunari eta ekonomiari kalte egiteaz gain, ikuspuntu etiko eta demokratikotik ere guztiz salagarria da”.