Eduki publikatzailea

Atzealdea

Hitza Hartu

Udalberriko bigarren zenbakiko idatzia

2018·01·05


Desioen eta asmo onen bolada izaten da urte hasiera. Bizitzak kolore biziagoa har dezan opa izaten diogu elkarri. Kolore osasuntsuagoa eta alaiagoa desio dizuet nik ere, 2018 hasiberri honetan.  

Badakigu, ordea, bizimodua ez dela berez aldatzen. Dena ez dago gure esku, baina oker geundeke guretik ezer jarri gabe egoerak aldatuko direla pentsatuko bagenu. Geronen baitatik hasita, inguruan eta jendartean eragin eta inplikatu beharra daukagu, errealitatea ulertu, aldarazi eta hobetzeko.

Erabaki hori hartu dute aginagarrek. Azaroan egindako herri batzar batean ideia sortu, abenduan forma eman, eta urtarrilean abiatzera doa Aginagaren antolamendu urbanistikoa jorratuko duen lantaldea, aginagarrez eta udal ordezkariez osatua. Ez da eginkizun samurra: Aginaga bizigarriagoa eta atseginagoa nola antolatu, horra hor galdera nagusia. Nola egokitu behar ditugu herri-espazioak eta mugitzeko aukerak? Nola aktibatu eta goxatu behar dugu Aginagako herri-bizitza?

Ez gara hutsetik abiatzen. Usurbil osoko Plan Orokorra idazten ari garen honetan, badugu aurretik landutako diagnostikoa, eta Mugikortasun Planean ere proposatu dira zenbait ekintza urbanistiko. Baina, horiek horrela izanagatik, sekulako balioa du aginagarren eta udalaren artean egitera goazen lanketak. Denon artean erabaki behar baitugu, interes publikoa lehenetsiz, nolako Aginaga nahi dugun.

Parte-hartzea eta inplikazioa dira, udalaren ustez, aurrera egiteko motor sendoenak.  Garai hauetan, batzuek “gobernantza-eredu berriak”, “administrazio irekia”, eta horrelako hitz potoloak darabiltzate hitzetik hortzera. Esan bai, baina gero herritarrei hitza ukatzen diete. Hala gertatu da autobus-zerbitzuaren aurreproiektuan, esate baterako; eta, zer esanik ez, hondakinen auzian.

Goitik inposatutako politikei stop esan, eta behetik gorako dinamikak indartzeko proposamena da oraintxe ezagutzera eman den Hitzartu prozesua ere. Hondakin-politiken eta errauste-plantaren gaian, zenbat aldiz eskatu ote dugun herritarron borondatea entzuteko eta errespetatzeko! Horra bada, 2018an beste aukera bat izango dugu azken hitza eta epaia herritarrek dutela aldarrikatzeko.