Albisteak

Atzealdea

Herritarron zerbitzuak bermatu artean, gasa sartzeko obrak hasteko baimenik ez ematea eskatzen diogu Donostiako udalari

Gutxieneko zerbitzuak bermatu gabe, Donostiako Udalak obrak baimendu izana salatzen dugu.

2017·07·04


Erraustegirako, espetxerako eta Eskuzaitzetako industriagunerako gasa sartzeko asmotan, Usurbil eta Zubieta arteko errepidea itxiko omen dute bi hilabetez. Dirudienez, uztail eta abuztuan egingo omen dituzte azpiegitura lanak. Dirudienez diogu, izan ere, ez Zubietako Herri-Batzarrak ez Usurbilgo Udalak ez dute horren berri zehatzik jaso. Bide hori erabiltzen duten zerbitzu-enpresek ere (hondakin-bilketa, garraioa edo posta, adibidez) ez dute inolako jakinarazpen ofizialik jaso. Herritarrek ez dakite ezer. Bidea itxi dute, eta kalte handia eragin digute gure eguneroko bizimoduan: ohiko ibilbideak itxi dizkigute, larrialdiren bat gertatuz gero ez dago inolako aurreikuspen planifikaturik, hondakinak non utzi eta nola jaso ez daukagu, garraio publikoa murriztu eta trakestu egin dute, eta abar. Kalte horiek jasango ditugunok ez dakigu ezer. Donostiako Udalak baimena eman du nonbait, baina ez gaitu aintzat hartu, beste behin ere. Nabarmen utzi du berriz ere begirunea galdua digula zubietarroi eta usurbildarroi. Nagusikeriaz jokatu du ostera ere. Zubietarron eta usurbildarron herri bizitza beste interes batzuen azpitik dagoela erakutsi dute, enegarren aldiz.

Gasa sartzeko obra honek, esan bezala, Zubietako mendi gainean egin nahi dituzten azpiegiturak hornitzeko helburua du. Azpiegitura horien aurkako iritzia azaldu dute behin eta berriz Zubietako eta Usurbilgo herritarrek, bai eta Zubietako Herri Batzarrak eta Usurbilgo Udalak ere. Bereziki irmoa da erraustegiaren aurkako jarrera. Zubietan eta Usurbilen ezin ozenago egin dugu aldarri: erraustegia guztiz kaltegarria da, eta ez da beharrezkoa. Bereziki larria da osasunari, ingurumenari eta gure eredu sozio-ekonomikoari eragiten dien zauria. Bada, hasi gara nabaritzen kalteak: Zubietatik Usurbilerako bidea moztea ekarri du gasaren hornikuntzak.

Obraren eremuak, administratiboki, bi udalerri ukitzen ditu: Donostia eta Usurbil.

Usurbilgo Udaleko Gobernu Batzordeak, 2017ko urtarrilaren 31n, udal teknikarien txostenetan oinarriturik, azpiegitura lanetarako udal baimena ukatu egin zion Naturgas Energia Distribución S.A.U. enpresari. Hainbat berraztertze errekurtso zein udal sailen txostenen ondoren, “zerbitzu publikoak eta herritarrentzako pasabidea bermatzen duen plana” aurkeztea eskatu zaio Naturgas Energia Distribución S.A.U. enpresari. Ez da oraindik planik jaso.

Donostiako Udalari ere eskatu zaio obrak hasteko baimenik ez emateko, zerbitzuak bermatzeko plana jaso eta jarri beharreko baldintza eta neurri zuzentzaileak hiru erakundeen artean adostu arte. Donostiako Udalak ez du erantzun oraindik.

Azpijokoan eta ezkutuka

Horrenbestez, obra hau geldiaraztea eskatzen dugu, hiru erakundeen arteko irtenbide egokia adostu, eta guztiaren berri herritarrei jakinarazi arte. Xabier Arregi, Usurbilgo alkatearen esanetan, “ez da onargarria egiten ari direna, errespetu falta izugarria da. Eurena bakarrik inporta zaie, eta besteon eguneroko bizimodua, bost axola. Nazkatuta gaude.”

Zubietako Herri Batzarrak azpimarratu nahi du mota honetako ekintzek erakusten dutela erakunde bakoitzak besteekiko duen errespetua; konfidantza eta elkarlanean oinarritu beharrean, azpijokoan eta ezkutuka garatuz nork bere interesak.