Albisteak

Atzealdea

Herritarrekin osatutako Gobernu Planean oinarrituko dira 2017rako Aurrekontuak

Usurbildarren partehartze kultura sustatu asmoz, Udalak 40.000 euroko diru partida bideratuko du 'Kale Irekiak' mugikortasun planean herritarrek eginiko hainbat proposamenentzat.

2016·11·15


Abenduan behin betiko onartu aurretik, Usurbilgo Udalak 2017 urterako Aurrekontuak lantzen dihardu. Aurrekontu horietan herritarren zein herriko eragile ezberdinen iritziak oso kontutan izango ditu, izan ere, 2017ko Aurrekontuak partehartze bitartez osatutako Gobernu Planean oinarrituko dira. Herritarrei hurrengo urterako inbertsio nagusienak zeintzuk izango diren eta prozesu horren ibilbidea azaldu asmoz, Udalak bilera egingo du herritarrekin azaroaren 22an, 18:00etan, Potxoenean.

Datorren urterako Aurrekontuek berritasun bat dakartzate. Izan ere, usurbildarren partehartze kultura sustatu asmoz, Udalak 40.000 euroko diru partida bideratuko du 'Kale Irekiak' mugikortasun planean herritarrek eginiko hainbat proposamenen gauzatzeko. “Guk aurrekontuak herritarren eskaera eta beharrei erantzuten dien tresna bat bezala ulertzen dugu, eta horretarako herritarrekin parte hartzea bultzatzea ere garrantzitsua da”, azaldu dute Udaletik. Mugikortasun planeko ondorioak otsailean egingo dira publiko, baina Udalak horietako batzuk burutzeko diru partidak aurreikusi ditu.

Inbertsio nagusienak

“2017rako Aurrekontuak ibilbide bateko argazki baten antzera ikusten ditugu. Esan genezake gure ibilbidea herritarrekin eta udal langileekin batera eginiko Gobernu Programaren lanketarekin hasi zela, eta iritzi horiek bai aurtengo eta baita hurrengo urteetarako Aurrekontuetan isladatuko dira”, azaldu dute gobernu taldetik.

Datorren urterako inbertsio dagokienez, Etxebeste eta Hirutasuna kaleen urbanizazio lanak, hilerri berria handitzea, Oiardo kiroldegiko aireztapena egokitzea eta Txokoaldeko zubiaren legeztatze proiektua egitea izango dira inbertsio handiena eskatuko dutenak. Aurrekontuetan partida propiorik ez badute ere, Aginagako espaloiaren konponketa eta Kalezarko eskailerak berritzea ere udal baliabideekin egingo dira. Azkenik, Zumarteren eraberritzeko lanak ere 2017an definituko dira eta proiektu honek ere aparteko finantzaketa bideak izango ditu.