Eduki publikatzailea

Atzealdea

Herriko txoko eta kaleak, dantzaleku

Larunbatean izango da VI. Dantza Eguna. Urtez urtez indarra hartzen ari den ekimena da Dantza Eguna. Jada, VI. ediziora iritsi da, eta ekimenez lepo dator aurtengoa ere. Gogo eta indar biziz, gainera. Egun osoan zehar dantzak hartuko ditu herriko kaleak, hango eta hemengo dantzek. Egun osoko egitaraua osatu dute Orbeldi Dantza Taldeak eta Usurbilgo Udalak: goizean, herrialde ezberdinetako dantza taldeen kalejira izango da; arratsaldean, herriko haurren dantza-emanaldia eta Ttipika taldearen erromeria; eta, gauean, Euskal Genesia ikuskizuna estreinatuko dute.

2018·04·18


Dantzak hartuko ditu Usurbilgo kaleak larunbatean, hilaren 21ean. Herriko ekimenen egutegian gorriz dator larunbateko eguna, izan ere, denbora gutxian, indar handia hartu du Dantza Egunak. Aurtengoa VI. edizioa da, eta azken urteko egitarauaren ildotik, honako aldi honetan ere, Euskal Herriko txoko ugarietako dantza-taldeen topaleku bihurtuko da Usurbil. Hangoa eta hemengoa uztartzeko asmoz. Urrutikoa eta etxekoa ezagutzera emateko gogoz. Horrenbestez, atera bedi dantza, plazara.

 

Hain zuzen, 10:30ean egingo zaie ongi-etorria dantza taldeei, eta 11:30ean kalejira egingo da herriko kaleetan barna. Aurten, honako dantza talde hauek gonbidatu dituzte:

- Beasaingo Aurtzako Dantza Taldea (Gipuzkoa)

- Iruñeko Ortzadar Dantza Taldea (Nafarroa)

- Hendaiako Akelarre Dantza Taldea (Lapurdi)

- Usurbilgo Orbeldi Dantza Taldeko beteranoen taldea (Gipuzkoa)

- Larrabetzuko Bizkargi Dantza Taldea

 

Kalejiraren ostean, 13:00ean egingo dute emanaldia frontoian.

 

Arratsaldean, aldiz, herriko txikienen txanda izango da. 17:00etatik aurrera emanaldia eskainiko baitute frontoian. Eta, harren ondotik, jendea dantzan jarriko dute Ttipika taldekoek. Erromeri gidatua eskainiko du Manex Torrealdairen taldeak.

 

Ez da horretan bukatuko, ordea, eguneko egitaraua. Izan ere, ekimen nagusietakoa falta da artean. 22:30ean Orbeldi Dantza Taldeko beteranoek “Euskal Genesia” ikuskizuna estreinatuko dute, propio egun honetarako prestatutakoa.

 

Hauxe kartela eta egitaraua: