Eduki publikatzailea
Atzealdea

Herriko lokal hutsen poltsa osatzeko hitzarmena sinatu dute gaur Udalak eta 13 jabek

Herriguneetan hutsik dauden lokalak dinamizatzeko helburuz, Guztion Egitasmoa proiektua sustatzen ari dira Beterri-Buruntzako udalek. Helburu nagusia da lokal hutsen poltsa publiko bat osatzea, negozio bat irekitzeko lokal bila ari den ekintzailearen zeregina errazteko. Udalak zubilana egingo luke lokala eskaintzen eta bilatzen ari direnen artean. Hain zuzen, gaur goizean sinatu dute hitzarmena Udalak eta jarduera ekonomikorik gabeko lokalen bat duten herriko 13 jabek. Udalaren webgunean atal berezitu bat sortuko da, lokalen gaineko informazio guztiarekin.

2019·05·21


Herriguneetan hutsik dauden lokalak dinamizatzeko eta jarduera ekonomiko berriak sustatzeko helburuz, jarduera ekonomikorik gabeko merkataritza-lokalen udal poltsa bat eratu du Udalak. Hain zuzen, gaur goizean sinatu dute hitzarmena Xabier Arregi alkateak eta oraingoz poltsa horretan izena eman duten herriguneko 13 jabek. Egitasmo hau Usurbilgo Udalak herri-komertzioa sustatzeko garatzen duen Usurbil Zabalik programaren barruan kokatzen da, baita Beterri-Buruntzako udalak eskualde mailan garatzen ari diren Guztion Egitasmoaren barruan ere.

Jarduerarik gabeko merkataritza lokalen udal poltsa eratzeko ekimen honen helburua da, batetik, jarduerarik gabeko lokala alokairuan edo salgai jarri nahi duten lokal-jabeek zerbitzu hau erabiltzea, eta, bigarrenik, Usurbilen enpresa proiektu bat garatzeko lokal baten beharra duten ekintzaileei erabilgarri dauden lokalei buruzko informazioa eskaintzea. Ondorioz, hitzarmen honi dagokion lokal hutsen udal-poltsaren proiektuaren hartzaileak lokal hutsen jabeak eta enpresa proiektua duten ekintzaileak dira. Udalak zubi-lanak egingo ditu bien artean eta informazio guztia Usurbilgo Udalaren webgunean jasoko da. Hau da, informazioa zabaltzeko tresna nagusia webgunea izango da.

Xabier Arregi alkatearen esanetan, Udalaren helburu nagusia da gure herrigune eta auzoetako jarduera sozioekonomikoa berreskuratu edota sustatzea, eta tokiko merkataritza eta zerbitzuen eskaintza indartzea. Horregatik, elkarlanaren garrantzia azpimarratu du: “Udala eta jabeak elkarrekin aritzea oso garrantzitsua da”.

Usurbil Zabalik biniloa

Proiektu honetan parte hartzen duten jabeek konpromisoa hartzen dute Udalak emandako “Usurbil Zabalik” biniloa ipintzeko bere jabetzakoa den lokalean, jendearentzat ikusgarri egoteko moduan. Halaber, 2019ko martxoan egindako lokal hutsen azterketetan jasotako eta webgunean ageriko den informazioari eragiten dion edozein aldaketaz Udala informatzea, webgunean ahalik eta informazio eguneratuena izateko helburuz.