Albisteak
Atzealdea

Herriak eta udalerria

2019ko martxoan argitaratutako zutabea

2019·03·08


Hilabeteak eman ditugu Aginagako erdigunerako antolaketa lantzen. Oraingoa ez bezalakoa nahi dela esan zaigu batzarretan: espazio zabalagoa, lasaiagoa, eta hobeto antolatua. Erdigune bizia, herritarrak erakarriko dituena, haurrak jostatzeko egokia, eta oinezkoak kotxeen beldurrik gabe ibiltzeko modukoa. Horixe da aginagarrek adierazitako nahia.

Horri begira osatu zen lan-talde irekia, eta talde horren bileretan hamar bat aginagarrek hartu dute parte, udal ordezkariekin eta arkitektoekin batera. Horrela zehaztu da Plan Berezia. Aginagarrek Aginagarentzat egindako planteamendu hori herrian aurkeztea egokitzen da orain, eta martxoaren 27an egingo da herri-batzarra horretarako.

Zubietan ere urte askoan aritu gara Donostiaren eta Usurbilen arteko zerbitzuen banaketa antolatu nahian. Nahi eta ezin aritu gara, ez da samurra izan, baina azkenean hitzarmen bat adostu da bi udalen eta Zubietako Herri-Batzarraren artean, eta, nolabait esatearren, panorama argitu da. Udal bakoitzak zer zerbitzuren ardura hartuko duen finkatu da, Zubietaren batasuna auzitan jarri gabe. Besteak beste, erdiguneko hondakinen bilketa Usurbilek hartzea adostu da, eta horretarako bi Garbitxiki jarriko dira kontrolik gabeko edukiontzien ordez, eta atez ateko bilketa egingo zaie baita Donostia parteko zubietarrei ere, beren borondatez hala nahi badute.

Hitzarmenak hitzarmen, sakoneko arazoak astintzen du Zubieta, eta etorkizunari kezkaz eta amorruz begiratzen diogu. Nora doa Zubieta? Zer egin digute Eskuzaitzetan? Zer, Letabiden? Arrandia handiz aurkezten dituzte Donostiako eta Gipuzkoako agintariek Zubietan egiten ari diren txikizioak. Handikeria zenbat eta handiagoa, orduan eta nabarmenagoa da gurekiko gutxiespena.

Aginaga eta Zubieta. Bi herri, bi errealitate. Usurbil, izan ere, herriez osatutako udalerria da. Eta hala garelako, tresna eta antolaketa egokiak behar ditugu gure izaera aberatsari eusteko. Badugu hor zer egina. Hori bai, edozein izanda ere udalerriaren antolaketa, ezinbestekoa izango da behetik gorako herri-dinamikak aktibatzea.