Albisteak
Atzealdea

Harria Hitz ibilbidea inklusibo bihurtu dute, mugikorretarako aplikazio bati esker

AccessibleForAll enpresak emandako irisgarritasun-aholkularitzan oinarrituta, Elhuyar Fundazioak teknologia herritarren zerbitzura jarri eta pertsona orok bere kabuz egiteko moduko ibilbide bilakatu du Harria Hitz ibilbidea, horretarako mugikorretarako aplikazio bat garatuta. Usurbilgo Udalak sustatu eta diruz lagundu du egitasmoa, herritar orori bermatzeko kulturaz, aisialdiaz edota zerbitzu publikoez modu duinean gozatzeko duten eskubidea, inolako bazterketarik gabe. Erakundeon esanetan, egitasmo aitzindaria da, eta beste toki eta egoera batzuetarako ere erabilgarria da. Horregatik, inklusioaren bidean, deia egin dute aplikazio hau baliatzera.

2019·05·02


Usurbilgo Udalak, Elhuyar Fundazioak eta AccessibleForAll enpresak inklusibo eta irisgarri bihurtu dute Harria Hitz kultura-ibilbidea, mugikorretarako garatu duten aplikazio edo APP bati esker. Edonork egiteko moduko ibilbidea osatu dute, giza dibertsitatea errespetatuz. Diziplina anitzeko lan baten emaitza da aplikazio hau, eta pertsonarengan jarri du arreta. Izan ere, teknologia herritarren zerbitzura jarri, eta aplikazio hau ia pertsona guztiek erabiltzeko modukoa izatea lortu da, edozein dela ere erabiltzailearen adina, hizkuntza-lehentasuna edota gaitasunak.

 

Elhuyarrek garatu du teknologia, AccessibleForAll enpresak eskainitako irisgarritasun-aholkularitzan oinarrituta. Usurbilgo Udalak diruz lagundu du egitasmoa. Xabier Arregi alkateak azaldu duenez, Usurbilgo Udalaren eta Elhuyarren arteko lankidetza aspalditik dator, eta egitasmo hau ere elkarlan emankor horretatik jaio da. Harria Hitz martxan jarri eta gutxira etorri zen Adi Usurbil aplikazioa, hau da, Harria Hitz ibilbidea norbere kabuz egiteko aukera eskaintzen duen app-a. “Orain baina, beste urrats bat egin dugu: urrats erabakigarria, dudarik gabe, Harria Hitz ibilbidea irisgarri eta inklusibo bihurtu baitugu, pertsona guztiek egiteko modukoa, inor baztertua sentitu gabe eta erabiltzaile guztien aukera berdintasuna bermatuz”. Alkatearen esanetan, edonork egiteko moduko ibilbidea osatu da, dibertsitate funtzionala izan edo ez. “Azken finean, modu batean edo bestean, pertsona guztiok ditugu gure mugak eta ezintasunak, izan hizkuntzaren mugak, adinari dagozkionak edota gaitasunari lotutakoak. Guztiok gara ezberdin, eta guztiontzako lekua egon behar du gizartean, eta guztiok dugu kulturaz, aisiaz, zerbitzu publikoez, kirolaz... modu duinean gozatzeko eskubidea, inolako bazterketarik gabe”. Haren hitzetan, kalitatezko aisialdia eskaintzea da Usurbilgo Udalaren bokazioa, eta, horretarako, ezinbestekoa da Usurbil geroz eta inklusiboagoa izatea: “Proiektu hau norabide horretan doa”.

 

Zuriñe de Anzola Guerra AccessibleForAll enpresako aholkulariak, hain zuzen, horixe bera nabarmendu du: “App honek Usurbil ezagutzeko eta Usurbilez gozatzeko aukera ematen die bisitariei, giza dibertsitatea errespetatuz”. Horretarako, aplikazioaren edukien eta funtzionamenduaren diseinuan lan egin dela azaldu du. Ibilbide turistikoaren edukiak pertsona guztientzat eskuragarri jarri dira, eta ibilbidearen irisgarritasunari buruzko informazio zehatza ere ematen du. Hala, “aplikazio honek diseinu unibertsalaren zazpi printzipioei erantzuten die, eta mota guztietako ezgaitasunei begirako egokitzapenak edota soluzioak proposatzen ditu, izan ezgaitasun fisikoak, kognitiboak edota ikusmenari edota entzumenari lotutakoak”.

Esate baterako, mugikortasun murriztua duten pertsonek ibilbide lagungarria eta eskuragarria aurkituko dute; izan ere, aparkalekuen PMR plazei, komun egokituei, puntu kritikoei eta abarri buruzko informazio garrantzitsua jasoko dute.

Itsuek edota ikusmen murriztua duten pertsonek ibilbidea eskura izango dute, besteak beste, ibilbideko toki bakoitzeko edukia, puntu kritikoei buruzko informazioa eta orientatzeko argibideak jasoko baitituzte.

Entzumen-urritasuna duten pertsonek testu idatzian eta mapetan jasoko dute ibilbidearen informazio guztia, baita gainerako informazio interesgarria ere.

Urritasun kognitiboa duten pertsonek inoiz baino hurbilago izango dituzte ibilbidea eta edukiak; izan ere, irakurketa errazeko sistema erabili da bai edukietan, bai testuen forman, eta testuak errazago irakurtzen eta ulertzen dira. Hain zuzen, testu guztiak irakurketa errazera egokitzeko apustua egin da, eta lan hori Euskadiko Irakurketa Errazeko Elkarteak egin du.

Gainera, De Anzola Guerrak azaldu duenez, app hau Android eta iOS gailu mugikorren irisgarritasun-aukerekin bateragarria da, eta pertsona guztiek modu zuzen eta malguan erabiltzeko aukera ematen du.

Teknologiaren garapena Elhuyarren esku

Igor Leturia Elhuyar Fundazioko kideak eman ditu teknologiari buruzko azalpenak. Haren esanetan, hizkuntza- eta hizketa-teknologiak dira erabili dira irisgarritasuna lortzeko. Irisgarritasunak hizkuntza-aukerekin zerikusia du; izan ere, ibilbide bat, webgune bat edo beste edozer gauza hizkuntza bakarrean edo gutxi batzuetan badago, ez da irisgarria hizkuntza horiek ez dakizkitenentzat. Horregatik, ibilbidea ahalik eta irisgarrien egiteko, azalpenak ahalik eta hizkuntza gehienetan eman behar dira, eta Elhuyarrek azalpenen testuak kudeatzeko web-plataforma bat jarri du, itzulpen automatikoa baliatzen duena. Hala, Leturiaren hitzetan, edukiak euskaratik gaztelaniara edo alderantziz itzul daitezke, Elhuyarren itzulpen automatikoa baliatuz, oso kalitate onarekin, eta ondoren zuzenketa gutxi batzuk egin. Eta gaztelaniatik katalanerako eta galegorako itzulpen automatikoa ere kasik akasgabea da. Beste hizkuntzentzat, itzulpen automatikoa erabil daiteke edo eskuz egindako itzulpenak igo.

Hala ere, Leturiak nabarmendu duenez, edukiak eta azalpenak testu formatuan badaude, ez dira irisgarriak pertsona itsuentzat edo ikusmen urritasuna dutenentzat. Horregatik, edukiak kudeatzeko web-plataformak Elhuyarren hizketaren sintesia baliatzen du azalpenen audioak automatikoki sortzeko. Zehaztu du lokutoreekin grabatutako audioak ere igo daitezkeela nahi izanez gero. Edukiak web-plataforma batean kudeatzen dira, eta bisitarientzat mugikorreko aplikazio edo app bat egin da. “Bera arduratzen da erabiltzaile-mota bakoitzari bere ezaugarrien araberako informazioa emateaz: azalpen-testuak erakusteaz, audioak erreproduzitzeaz...”. Gainera, ibilbideko interes-puntuen azalpenez gain, irisgarritasun-informazio gehigarria ere eman dezake, hala nahi izanez gero: oztopo arkitektonikoak, eskulturak ukitu ahal izateko oharrak... Eta azkenik, ikusmen-urritasuna dutenak edo itsuak ibilbidean zehar gidatzen ditu, toki klabeetan azalpenak emanez: ezkerretara biratu, segi beste 30 metro aurrera... Usurbilgoa bezalako kanpoko ibilbideetan, GPS teknologia erabiltzen da horretarako, baina barruko ibilbideetan (museoak, eraikin publikoak...) ere egin dezakegu Bluetooth seinalea igortzen duten baliza batzuk erabilita.

Beste egoera batzuetarako baliagarria

Igor Leturiaren esanetan, Usurbilgo Harria Hitz ibilbidean garatutako soluzioa beste ibilbide batzuetan ere inplementatzeko pentsatuta dago, prozesu berari jarraituz: teknologia, irisgarritasun-aholkularitza... “Barruko erakusketetan eta eraikinetan ere egin daiteke, esan bezala, GPSaren ordez Bluetooth balizak erabilita”. Hala, proiektu honetan parte hartu duten eragileen asmoa da soluzio hau ahalik eta gehien zabaltzea, horrela ahalik eta toki gehien irisgarri eta inklusibo bihurtzeko.

Hemen duzue aplikazioa deskargatzeko prest:https://goo.gl/cbLwfa