Eduki publikatzailea

Atzealdea

Harria Hitz ibilbidea egiteko aukera izango da apirilaren 7an

Iaz martxan jarritako 'Harria Hitz' kultura-ibilbidea egiteko aukera izango da apirilaren 7an, larunbatarekin. Ibilbide horrek Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezaguraztea du helburu. Usurbilgo alderdirik esanguratsuenak erakusten dira, hala nola sagardoa, Artze anaiak, Alejandro Tapia, Mikel Laboa, Zumeta, Udarregi eta gizon-probak. Goiz osoko egitaraua antolatu da, eta aurrez eman behar da izena info@ereiten.com helbidean.

2018·03·20


 Usurbil euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria ere. Inon baino hobe islatzen da 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultur eztanda eta inon baino hobe islatzen da 60. hamarkadako kultur eztandaren ondorena.

Usurbilek dituen altxor ezkutu horiek ezagutarazteko, Harria Hitz bisitaldia egingo da apirilaren 7an, larunbatarekin. Bertan, sorkuntza eta ondarearen arteko harremana aztertu eta kultura-kontzeptuen hedapena azalduko da. Ibilbideak, herrigunean ikus daitezkeen zenbait elementuren bitartez, Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu.

Horretarako, artista eta leku ezberdinei erreparatuko zaie: Dema Plaza, Udarregi bertsolaria, Zumeta, Mikel Laboa edota Tapia eta Artze anaiak, esaterako. Ibilbide hori mugikorrerako APP bidez egin daiteke: www.usurbil.eus webgunean dago eskuragarri aplikazioa.

Harria Hitz ibilbidea egiteaz gainera, beste hainbat leku ikusi eta bisitatzeko aukera izango da. Hauxe egitaraua:

- 10:00: Usurbilgo frontoian elkartu.

- 10:15: TxTxTx bisita (Txokoaldeko Txalaparta Txokoa)

- 11:30: Harria hitz bisita gidatua herrigunean

- 13:00: Zumeta Arte Estudiora bisita

- 14:15: Amaiera

Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da. 30 lagun gehienez.

Informazioa eta erreserbak: info@ereiten.com