Eduki publikatzailea
Atzealdea

Gureak-ek eta Elkar Fundazioak Usurbilen gauzatuko duten proiektua aurkezteko ekitaldia antolatu du Udalak, otsailaren 28an

Azken hilabete luzeotan, Usurbilgo Udala Gureak-ekin eta Elkar Fundazioarekin eskuz esku aritu da lanean, gure herrian proiektu sozioekonomiko garrantzitsu bat gauzatzeko. Biak ala biak Usurbilgo herriaren baloreekin bat egiten duten eragile ekonomikoak dira. Proiektu honek garrantzia izugarria izango du gure herriaren garapen sozioekonomikoan, eta, horregatik, otsailaren 28an, jendaurrean aurkeztuko dute hiru eragileek, Sutegiko erakustaretoan. Halaber, erakusketa bat ere zabalduko dute, proiektuaren irudi esanguratsuenekin.

2019·02·20


Jakina denez, hutsik dagoen Michelingo lurzoruan kokatuko dituzte Gureak eta Elkar Fundazioa euskal enpresek euren jarduera nagusiak. Udala eragile aktibo izan da proiektu hori Usurbilen gauzatzeko, izan ere, bi enpresok ez dira edonor: Usurbilgo herriaren baloreekin bat egiten duten eragile ekonomikoak dira. Azpimarratzekoa da Gureak-ek arlo sozialean, inklusibitatean, egiten duen lana, eta Elkar Fundazioaren kasuan, puntako erreferentzia da euskararen eta euskal kulturaren zabalkundean. Udalaren irudiko, gainera, Elkarren eta Gureak-en ezarpenak eragin positiboa izango du Usurbilentzat eta eskualdearentzat, baita bertako hainbat sektore eta enpresarentzat ere. “Aukera berriak irekiko dituelakoan gaude, sinergia berriak eta elkarlan-dinamika berriak”, dio Xabier Arregi alkateak. Usurbilen eta eskualdearen garapen sozioekonomikoan proiektu giltzarria izango dela uste du Arregik. Horregatik, proiektuaren zer-nolako nagusiak zedarritzen ari diren honetan, hiru eragileek jendaurrean aurkeztuko dute, usurbildarrei zein eskualdeko eragileei proiektuaren nondik norakoen berri emateko. Ekitaldia otsailaren 28an izango da, 18:30ean, Sutegiko erakustaretoan. Egun horretan, gainera, erakusketa bat ere zabalduko dute, proiektuaren irudi esanguratsuenekin. Ekitaldia, hortaz, irekia da, eta proiektu honen gaineko interesa edo jakin-mina duten herritarrei bertaratzeko gonbita egin die Udalak.