Albisteak

Atzealdea

GHK-k 2018rako ezarri dituen tarifen aurkako helegitea aurkeztuko du Usurbilgo Udalak

GHK-ko batzar orokorrak abenduaren 26an egindako bileran onartu zituen hondakinen goi-kudeaketarako zerbitzuarengatik 2018ko ekitaldirako tarifak. Sistema horrek ondo egiten ari diren herriak erabat zigortzen dituela uste du Usurbilgo Udalak, eta horregatik ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztuko du. Atzo landu zen gaia udal osoko bilkuran, eta Ehbilduren babesa baino ez zuen jaso ekimenak. EAJk eta PSEk helegitea aurkeztearen aurka bozkatu zuten.

2018·02·28


2017ko abenduaren 26an egindako batzar orokorrean onartu zituen GHK-k hondakinen goi-kudeaketarako 2018rako tarifak. Besteak beste, organikoa eta errefusa tratatzeagatik udalek ordaindu beharreko tarifak. Usurbilgo Udalak, beste hainbat udalek bezala, sarritan salatu izan du GHK-ren tarifikazio-sistema. Izan ere, GHK-k biohondakinaren zenbatekoa errefusaren tarifaren arabera kalkulatzen du, eta, ondorioz, irizpide horrek zigortu egiten du biohondakina murriztu eta gaika gehien biltzen duena. Usurbilgo Udalaren iritziz, ez da legezkoa gaur egungo tarifikazio-modu hori, eta, usurbildarren interesak babestu asmoz, auzi-errekurtsoa aurkeztuko du abenduaren 26an GHK-k hartutako erabakiaren aurka. Halaxe erabaki zuen atzo udalbatzak, gehiengo osoz, Ehbilduren aldeko botoekin. EAJko eta PSEko zinegotziek, ordea, aurka bozkatu zuten.

Hain justu, duela ez asko, San Marko Mankomunitateko batzarrera eraman zuten gaia Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo udalek. Eskaera argia luzatu zioten orduan mankomunitateari: hondakinen gaian etxeko lanak ondo egiten ari diren herriak babesteko, eta GHK-ri eskatzeko kudeaketaren zenbatekoak kalkulatzeko erabiltzen dituen irizpideak aldatzeko. Mankomunitateak, aitzitik, ez zuen aintzat hartu udalon eskaera. Xabier Arregi alkatearen esanetan, mankomunitateak muzin egin dio debate horri: “Interes argia dago gai horri ez heltzeko, ez mankomunitatean eta gutxiago GHKn. Berdin du ondo egin ala gaizki egin. Nola edo ahala, errauste-plantari bazka eman behar zaio”.

Sistema bidegabea

Usurbilgo udal gobernuaren iritziz, bidegabea da gaur egun GHK-k erabiltzen duen irizpidea. Izan ere, ondo ari dena saritu beharrean, zigortu egiten du. Gainera, ez du zentzurik elkarren artean zerikusirik ez duten bi hondakin gurutzatzea, bien zenbatekoa ezartzeko. Biohondakina birzikla daiteke, ondorioz, ez da errefusa. Beraz, errefusarekin loturarik ez duen hondakin baten tarifa onartzeko, zergatik hartu behar da errefusa abiapuntutzat?

Udalak argi du hondakin gutxiago tratatu behar izatea dela saritu behar dena. Beraz, biohondakin gutxiago biltzea eta tratatzea bultzatzeko, ez da egokia biohondakin/errefus erlazioa erabiltzea biohondakinaren tarifa kalkulatzeko. Izan ere, errefusa murrizteaz gain, biohondakina murriztea ere helburua da. Gainera, bilketa zirkuitutik kanpo geratzen den biohondakina ez da kontuan hartzen erlazio horretan, hau da, sorlekuan bertan konpostatzen dena. Ondorioz, erlazio horrek biohondakinaren murrizketa bultzatzea zigortzen du.

Horregatik, Usurbilgo udalaren ustez, bihondakinaren tarifa beronen tratamenduaren kostuaren arabera kalkulatu beharko litzateke, baita garraioaren kostua ere. Hau da, bihondakinari dagozkion gastuak soilik ezarri behar zaizkio tarifari. Izan ere, nola da posible udal batentzat garestiagoa izatea biohondakinak GHKren bidez tratatzea enpresa pribatu baten bidez tratatu baino? GHKren tarifa 138,49 €/tn da, eta enpresa pribatuarena 33€/tn.

Errefusa, garestiago

Bestalde, errefusari dagokionez, errefusa da birziklaezina den zatia. Beraz, kutsatzen duen zatia. Horregatik, Usurbilgo Udalaren ustez, errefusaren kostuak gainerako hondakinen kostuak baino garestiago beharko luke izan. Modu horretan beste hondakin motak birziklatzera bultzatuko litzateke. Hau da, errefusaren tarifak bere tratamendu kostua ordaindu behar du, eta beste zatiak baino garestiagoa behar du.