Eduki publikatzailea

Atzealdea

Gaur zabaldu da Euskaraldian izena emateko epea

Euskaraldian parte hartu nahi duzula? Ahobizi edo belarriprest izan nahi duzula? Ez dakizula nola egin? Euskaraldia antolatzen ari den herriko batzordeak webgune bat jarri du martxan Euskaraldiaren gaineko informazio guztiarekin: www.usurbil.euskaraldia.eus. Hain justu, gaur zabaldu da Euskaraldian izena emateko epea. Webgunetik bertatik egin daiteke, edota Noaua!n edota Potxoenean bertan. Hainbat egunetan ere kalean mahaiak jarriko dituzte; esate baterako, asteburu honetan bertan, Santuenean mahaia jarriko dute, eta han izango dira Eli eta Patxi.

2018·09·20


Geroz eta gutxiago falta da Euskaraldia hasteko, eta ekimenak ugarituz doaz. Atzo, Euskaraldia, zergatik eta zertarako? goiburupeko saioa eskaini zuten Olatz Altunak eta Inaxio Usarraldek, eta herritar ugari bertaratu ziren. Gaiak interesa piztu zuen, eta Euskaraldirako gogoa ere sumatu zen. Hain justu, gaur zabaldu dute izena emateko epealdia. Bide ezberdinak daude, horretarako:

- www.usurbil.euskaraldia.eus ireki berri duten webgunean.

- Noaua!n edota Potxoenean

- Tarteka kalean jarriko dituzten mahaietan.

Ez itxaron, eta eman izena!

Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte izango da Euskal Herria osoan. Ekimen horretan 11 egunetan hizkuna-praktika berri bat gauzatzera gonbidatuko dira herritarrak. Ariketa horren subjektuak 16 urtetik gorako helduak izango dira eta 11 egunez helduen hizkuna-ohiturak aldatzeko ariketa kolektibo bat egitea da proposamena, ulermena balioan jarrita. Horretarako, bi subjektu mota bereizi dira: ahobiziak eta belarriprestak. Euskaraldiaren helburua da, besteak beste, ariketa praktiko horren bidez ikusaraztea eta biziaraztea hizkuntza-ohiturak alda ditzakegula, eta, ahal dela, 11 egun horiek pasa ostean, hizkuntza-praktika berri horiei eustea.

Belarriprest:

Euskaraz dakiten guztiei zuri euskaraz egiteko gonbitea egingo diezu. Euskara ulertzen duzula adieraziko diezu eta zurekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu. Zuk euskaraz edo erdaraz erantzungo duzu, baina zuri euskaraz egiteko eskatuko duzu. Belarriprest izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Dakienari zuri euskaraz hitz egiteko gonbitea egin nahi diozu? Belarriprest zara!

Ahobizi:

Euskaraz egingo diezu ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko zara euskaraz. Ezagutzen ez dituzunekin lehen hitza euskaraz egingo duzu, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere bai. Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Ahal duzun guztietan euskara erabiltzeko prest? Ahobizi zara!