Albisteak

Atzealdea

Gaur ez da martxoaren 8a

Emakumeen nazioarteko egunaz Noaua! aldizkarian argitaratutako artikulua

2016·03·21


Eta horregatik idazten dut artikulu hau, egun horretan adierazitako mezua eta aldarriak indarrean daudelako, nahiz eguna pasea izan. Gaur ez da martxoaren 8a, baina tristea eta mingarria litzateke egun horretako asmo onak egun bakarrera mugatuko bagenitu.
XXI. mendean, aurrerapauso pozgarririk izan bada, hori emakumeen eskutik etorri da. Emakumeek espazio pribatuan eta publikoan jakin izan dute beren egoeraz jabetzen, eta ahalduntzearen bidez gero eta espazio eta ahal handiagoa hartzen. Mugimendu feministak erabakimenez erantzun dio gaur egungo egoerari eta, krisi ekonomiko, etiko eta politiko sakonen erdian, jendarte eredu justuago baten oinarriak ekarri ditu lehen planora. Egunez egun mamitzen den ahalegin hori benetan da eredugarria eta txalotzekoa.
Hala eta guztiz ere, jendarte parekideago baterantz egin beharreko bidea ez da emakumeena soilik. Gizonezkooi ere badagokigu geuretik jartzea, zentralitatetik albora egitea, kulturaz onartuak ditugun pribilegio batzuk baztertu eta eraldaketa horretan aktibo izatea, norberetik hasi eta jendartean harremanak izateko dugun modua aldatzeraino.
Martxoaren 8a emakume langileen aldarrikapen eta ospakizun eguna izan da, 1911n lehen aldiz ospatu zenetik. Gaur egun, emakumeen emantzipazioa eta ahalduntzea ditu berezko baloreak. Baina jendarte parekidea ezingo da erreala izan, gizonezkook ere aldaketa horren alde jarrera aktiboa hartzen ez badugu, gure zenbait jokamoldetan atzera eginez eta gure bizilagun, bikotekide, lagun eta kideen ahalduntzea sustatuz.
Gaur ez da martxoaren 8a, baina ez dezagun ahaztu egun horrek esan nahi duena, badugu-eta zer ikasia eta zer egina. Datorren urteko emakumeen harrotasunerako eguna ez dadila gizonezkoon lotsarako izan.

Xabier Arregi

Alkatea