Albisteak
Atzealdea

Gaur etengo da Arrate tabernako zerbitzua: Gabonen ostean jarriko da berriz martxan

Zerbitzuaren esleipen prozesua itxi da, eta kudeatzaile berria izango du urtarriletik aurrera.

2019·12·20


Aginagako Arrate tabernak gaur du azkenengo eguna, herritarren zerbitzuari dagokionez. Esleipen prozesu bat jarri zen martxan, eta, horren ondorioz, kudeatzaile aldaketa izango da. Iazko udan kudeatzailerik gabe gelditu zen taberna, eta lizitazio prozesua jarri zen martxan, baina hutsik gelditu zen, inork ez zuelako proposamenik aurkeztu. Hilabete ingurura, proposamen bat iritsi zen udalera, eta kontratu txiki bat egin zitzaion, hori baitzen legeak ematen zuen aukera bakarra. Kontratu hori bukatzear zela abiatu zen esleipen prozesu berria udazkenean, eta, azkenean, Iñigo Egilegorrek aurkeztutako proposamenak irabazi du lehiaketa.

Gabonen ostean jarriko da berriz martxan Arrate taberna. Etenaldiak ez dio eragingo eskola txikiko ikasleei ematen zaien jangela zerbitzuari, hori bermatzeko hitza eman baitu Egilegorrek. Aurreikuspenen arabera, taberna ere data horren inguruan irekitzea da asmoa.