Eduki publikatzailea

Atzealdea

Euskaraz aritzeko aldia

Iraileko Udalberrin Euskaraldiaz idatzitako artikulua

2018·09·17


Euskaraldia dator Euskal Herrira eta Usurbila. Lozorrotik esnatzeko unea da. Ahoak eta belarriak behar ditu edozein hizkuntzak, nork egin eta nork aditu. Euskarak ere bai, behar gaitu.

Alferrik da maite dugula esatea, alferrik da Aitorren hizkuntza zaharra goratzen ibiltzea. Horrek ez du euskara salbatuko. Euskarak maitaleak edo miresleak baino, erabiltzaileak behar ditu. Euskararen alde daudenak baino, euskaraz ari diren pertsonak, euskaraz bizi direnak. Izan ere, jarrera kontzientea eduki ezean, barru-barrura sartzen zaigu erdara, gure hizkuntz ohituretan nagusitzeraino. Usurbilen euskararen kaleko erabilera % 54koa da gaur egun. Gure kaleetan, 10 elkarrizketetatik 6 inguru izaten dira euskaraz eta 4 beste hizkuntzetan.

Garbi dago euskara ez dela hizkuntza hegemonikoa. Erreparatzen badiogu gure egunerokoari, erdarek presentzia indartsua eta nagusitasuna dute. Komunikabide nagusiak, Internet, administrazioa, lan-mundua... ohiko jarduera esparruetan erdarek dute indarra. Eta, besterik ezean, hizkuntza nagusiek gero eta nagusiago izateko joera dute, txikia txikitu eta ezerezean uzteraino.

Horregatik dira premiazkoak aho biziak eta prest dauden belarriak, hiztunak eta entzuleak. Euskaraldiak horretara gonbidatzen gaitu, erabiltzera eta aktibo izatera. Guztion txanda da, hitz egiten dakitenena eta ulertzen dutenena: “egingo dizut euskaraz” eta “egidazu euskaraz”.

Jokaera kolektibo baten peskizan dator Euskaraldia. Erabilerak, izan ere, harremana eta komunitatea eskatzen du. Eta, behingoagatik, ez du fokua umeengan jartzen, gazte-helduongan baizik.

Aspalditxotik ari da herritar talde bat antolaketa lanetan, bejondeizuela! Euskararen iraultza txikia gainean dugu, atxikimenduak bilduko dira laster eta azaroaren 23tik abenduaren 3a bitartean hamaika egun izango ditugu nonahi eta noiznahi euskaraz aritzeko.

Badator Euskaraldia eta, behin etorrita, gure artean geratuko da.