Eduki publikatzailea

Atzealdea

Euskaraldia antolatzen hasteko bilera deitu dute otsailaren 7rako

Euskararen erabilera areagotzeko helburuz jaio da Euskaraldia ekimena, erakundeek eta euskalgintzako eragileek sustatuta. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte Euskal Herri osoan gauzatuko den ekimena da, eta egitasmo horren barruan Usurbilen zer egin daitekeen aztertzeko lehen bilera egin zuten atzo arratsaldean Usurbilgo Udalak eta herriko taldeek. Izan ere, guztiak bat datoz: euskarak elkarlana eta auzolana behar ditu. Gogoa badago, eta hurrengo bilera irekia izango da: otsailaren 7an, 18:00etan, Potxoenean.

2018·01·18


Usurbilgo Udalak eta herriko euskalgintzako talde, eragile eta norbanakoek lehen bilera egin zuten atzo, hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera areagotzeko Euskal Herri osoan abiatu den Euskaraldia-ren barruan Usurbilen zer egin aztertzen hasteko. Bilera jendetsua izan zen, eta gogoa badago ekimen hori Usurbilen ere abiatzeko.

 

Bileran Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko kideak Usurbilgo kale erabileraren datuak aurkeztu zituen, Euskaraldia-k non eragin eta ze eremu indartu behar dituen ikusteko. Gaur egun %54koa da euskararen kaleko erabilera udalerri honetan. Azken urteetan, aitzitik, behera egin du, izan ere, 2011n %61,9koa zen. Beraz, 8 puntu egin du behera. Alderik bada, auzoen artean, ordea: kaxkoan erabilera %73koa da, eta Aginagan, esaterako, %90ekoa; beherakada nabarmenena, ostera, Zubietan eta Olarriondon erregistratu da. Edonola ere, datu baikorrak ere plazaratu zituen Altunak: haur eta gazteenak dira euskara ahotan gehien darabiltenak, eta haurren presentziak eragiten du helduek euskaraz aritzea. Haurrik ez badago, % 65,7tik % 43,1era murrizten da euskararen kale-erabilera.

Lasarte-Oriako Ttakun kultur elkarteko kideek ere parte hartu zuten atzoko bileran. Aho bizi, belarri prest egitasmoa zer den eta Lasarte-Orian nola gauzatzen den azaldu zuten.

Zer da, baina, Euskaraldia?

Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte Euskal Herri osoan gauzatuko den ekimena da, hizkuntza ohituretan eragiteko helburuz. Hamaika egun horietan, nagusiki, euskal hiztunak aktibatu nahi dira. Aktibazioak martxan jartzea esan nahi du. Hizkuntzaren erabilerari lotutako kontzeptua da, euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu nahi delako.

Hala, 11 egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi ditu ekimenak. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.

Ekimena Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izango da.

Usurbilen motorrak berotzen

Horiek hala, Usurbilen ere motorrak prestatzen hasi dira udala eta euskalgintzan diharduten talde eta eragileak, elkarlanean. Izan ere, Euskaraldiak herri-ekimen erraldoi bat izan nahi du, euskarari susperraldi bat emateko. Horretarako, hurrengo bilera irekia izatea erabaki dute: ekimen honen antolaketan parte hartu nahi duen edonork izan dezan horretarako aukera. Hala, hurrengo zita hauxe duzue: otsailaren 7an, 18:00etan, Potxoenean. Bilera horretan galdera nagusi honi erantzuten hasi nahi zaio: Zer egin Usurbilen?