Albisteak

Atzealdea

Euskarak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez

Igandean izango da Euskararen Nazioarteko Eguna, eta horren harira adierazpen instituzionala onartu zuen atzo arratsaldean udalbatzak. Alderdi politiko guztiek egin zuten bat udal gobernuak aurkeztutako ekimenarekin. Adierazpenean jasotzen denez, euskarak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez. Ilusioa, elkarlana eta auzolana ezinbestekotzat jo dituzte, hizkuntza ohituren aldaketa kolektiboa emateko.

2017·11·29


Abenduaren 3an ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna, eta hori dela eta, adierazpen instituzionala onartu zuen atzo udalbatzak, aho batez. Adierazpenak azpimarratzen duenez, euskarak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez. Eta ospakizun eguna baliatu nahi da, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Indar berriez sendotzeko eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana. "Ilusioa eta elkarlana, euskararen lurralde eta esparru juridiko guztietan ahalik eta erarik bateratuenean gure hizkuntzarentzat etorkizun bizia irabazteko. Elkarrenganako adeitasunez. Elkartasunez".

Adierazpenean txalotu egiten da hamarkada luzez han-hemengo herritarrek euskara eskuratzeko eta lantzeko egindako ahaleginak: "Horiei guztiei zor diegu euskarak bizi duen errealitatea". Orain, eta hemendik aurrera, ordea, euskararen erabilera etengabe eta bizi-bizi areagotzea da guztien langintza, ezagutzaren handitzearekin batera euskararen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa sakona gauzatu dadin. "Mingainak dantzan jartzeko premia dugu, eta, bistan denez, mundu aldakor honetan, kantu eta kontu berriak behar ditugu". Eta horretarako administrazioek eta herri ekimenak auzolanean jarduteko beharra nabarmendu dute, gehiengo soziala euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko. Euskara erabiltzera eramateko. Euskarak, ezinbestez, elkarlan horien premia duela dio adierazpenak. "Ideien konfrontazioari uko egin gabe, irtenbideak adostuz, bakoitzaren eginkizun eta erantzukizunekiko errespetuz, elkarrenganako leialtasunez, eta denok norabide berean bultzatuz. Bakarka ezinezkoa da. Auzolanean, guztiz ilusionagarria".

Hala, Euskararen Eguneko konpromisoa, datozen 365 egunotan izateko lan egingo du Usurbilgo Udalak. Auzolanean lankide zintzo: euskara auzolana baita.

Hona hemen adierazpen instituzionala osorik: