Albisteak

Atzealdea

Euskara ikasteko doakotasunaren bidean

Usurbilgo Udalak 24.000 euroko diru partida bideratuko du, iaz baino 8.000 euro gehiago, herritarren euskara ikastaroak ordaintzera. Igoerarekin, eskari guztiak %100ean laguntzea bermatu nahi da.

2016·06·23


Euskara ikasi nahi duenak ahalik eta oztopo gutxien izan ditzan, Usurbilgo Udalaren laguntza jasoko du. Izan ere, 500 eurora arteko diru-laguntza eskainiko dio Udalak euskara ikasten ari den herritar orori; hau da, praktikan doakotasuna bermatuko zaio.

Usurbilgo Udalak 24.000 euroko diru-partida bideratuko du zeregin horretara, iaz baino 8.000 euro gehiago. Iazko datuei erreparatuz, 45 pertsonek eskatu zituzten laguntza horiek, eta 15.976 euroko diru laguntza eskaini zen eta %60 eta %100aren artean lagundu ziren eskaerak. Aurtengo igoerarekin, berriz, denak %100ean laguntzeko bideak jarri dira.

“Herri euskaldun bat izaten jarraitu nahi baldin badugu, euskaraz ikasi nahi duenari erraztasun guztiak jarri beharko dizkiogu, eta guk bide horretan lan egingo dugu”, adierazi du Xabier Arregi Usurbilgo alkateak. “Diru laguntza honek, praktikan, euskara ikasteko doakotasuna bermatzen du, beraz uste dut norabide onean goazela”, gaineratu du.

Eskaera epea, ekainaren 27tik uztailaren 8ra

Deialdi honen bidez 2015eko irailetik 2016ko abuztuaren 31 bitartean egindako ikastaroak diruz lagunduko dira, eta betebeharreko baldintzak hurrengoak izango dira: Usurbilen erroldatuta izatea eta ikastaro osoan %80ko asistentzia izatea.

Diru-lagun­tza­ren eskaera ekainaren 27tik uztailaren 8ra bitartean egin beharko da (biak barne) udaletxean. Hala ere, diru-lagun­tza udako ikastaroren baterako eska­tzen denean, Euskaltegiaren asisten­tzia ziurtagiria ikastaroa bukatutakoan eraman beharko da udalera.