Eduki publikatzailea

Atzealdea

Etxez etxeko udal-zerbitzuan hainbat hobekuntza egingo dira

Etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen udal arautegia aldatzea onartu zuen udalbatzak, aho batez, asteartean. Izan ere, EAEko Gizarte Zerbitzuen Legearen ondorioz, zerbitzu hori udalen eskumenekoa izatera pasatuko da 2020an, eta, bitartean, Udalak Diputazioarekin hitzarmenak egiten ari dira, trantsizio-aldia arautzeko. Hala, zerbitzuan hainbat aldaketa emango dira, hoberako. Esaterako, zerbitzuaren prezioa jaitsi egingo da, eta aurrerantzean gehienezko prezioa, orduko, 15 eurokoa izango da. Udal-arautegi berria erakusketa publikoan egongo da orain, 30 eguneko epean alegazioak aurkezteko.

2018·05·31


2008ko EAEko Gizarte Zerbitzuen Legeak hainbat aldaketa eragin ditu gizarte zerbitzuen alorrean, bai eskumenei dagokionez, bai zerbitzuaren finantziazioari dagokionez, eta, hain justu, lege hori garatu ahal izateko, Usurbilgo Udalak eta Gipuzkoako Diputazioak etxez etxeko zerbitzua finantzatzeko hitzarmena berrituko dute. Horrek, ondorioz, Usurbilgo etxez etxeko zerbitzuaren laguntza arautzen duen udal arautegia aldatzea ekarri du. Bi gaiak aztertu ziren astearteko udalbatza saioan ( hots, hitzarmena eta udal arautegia aldatzea), eta biak aho batez onartu zituen Udalbatzak.

Gizarte Zerbitzuen Legearen arabera, etxez etxeko laguntza zerbitzua udalen eskumena izatera pasatuko da, eta, horrenbestez, bere finantziazioaren ardura ere udalen gain geratuko da. Aldaketa horiek indarrean jartzeko epemuga 2020a da. Trantsizio moduko epealdi honetarako, Diputazioa udal guztiekin hitzarmenak sinatzen ari da, izan ere, etxez etxeko zerbitzuaren finantziazio moduak aldatu baititu dagoeneko. Diputazioa % 80 finantzatzetik % 50 ordaintzera pasatu da, eta hala izango da finantziazio sistema 2018 eta 2019 urteetan.

Hobekuntzak

Etxez etxeko zerbitzua asistentzia eta prebentzio zerbitzu bat da, eta erabiltzaileei ahal bezain luzaro norberaren etxean bizitzen jarraitzeko laguntza ematean datza. Horretarako, etxeko laguntza edota laguntza pertsonala eskaintzen zaie, etxean moldatzeko eta beren komunitatean txertatzeko, bakardadea saihestuz. Udal-arautegian hainbat hobekuntza txertatzea erabaki zen, aho batez, astearteko osoko bilkuran. Honako lau hauek dira:

  • Onuradunak ordaindu beharreko gehienezko prezioa, orduko, 15 eurokoa izango da. Orain arte, 19 euro inguruan zegoen ezarrita gehienezko prezioa.

  • Zerbitzua urteko egun guztietan eskainiko da.

  • Astean, gehienez ere, 28 orduko laguntza emango da.

  • Premiazko laguntzak ematea egoera horretan daudenei.