Eduki publikatzailea
Atzealdea

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du UEMAk aurten ere, udalekin eta erakunde publikoekin elkarlanean

Heldu da 2018ko errenta eta ondarea aitortzeko garaia eta, ohi bezala, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian aurten ere. Gaur egun herritarren gehiengo handi batek autolikidazio proposamena jasotzen duela kontuan hartuta, horri eman zaio aurten ere garrantzia. Usurbilgo datuei dagokionez, iaz 893 usurbildarrek egin zuten errenta aitorpena euskaraz. 9 urtetan bizkoiztu egin da kopurua.

2019·03·13


Aurten ere, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainarekin, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi dute UEMAk, udalek eta beste hainbat erakunde publikok.

Ohi bezala, errenta aitorpena egiterakoan, herritarrek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, modu errazean: hasieratik, zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, eta euskaraz egiteko ez dago aparteko zailtasunik.

Administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere kanpainak, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere.

Errenta aitorpena egiteko hainbat modu daude, eta lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diren arren, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin lortu nahi dena. Batetik “datuetan ere islatu dadin udalerri euskaldunetan euskaraz bizi garela”, eta bestetik “administrazioa euskalduntzeko bidean eragiten jarraitzeko”.

Usurbilgo datuak

Geroz eta usurbildar gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiten dutenak. Iaz, esaterako, 893 usurbildarrek egin zuten, eta 2008an 494k egin zuten.