Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin du udalak
2018·04·16
2017ko errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina betean gaude, eta hori dela-eta, Usurbilgo Udalak, UEMAko gainerako herriekin batera, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du. Gaur egun herritarren gehiengo handi batek autolikidazio proposamena jasotzen duela kontuan hartuta, aurten ere horri eman zaio garrantzia. Hain justu, gaur zabaltzen da epea autolikidazio proposamenak onartzeko, eta, horregatik, udalak dei egin die herritarrei, proposamena onartu behar duenean, hala telefonoz nola Internetez, euskaraz ala gaztelaniaz egin nahi ote duten galdetzen dietenean, euskaraz aukeratzea. Hala, handik aurrerako proposamenak eta harremanak euskaraz egingo dituzte Foru Ogasunarekin.
Euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin lortu nahi dena. Batetik, datuetan ere isla dadin udalerri euskaldunetan bizi garela, eta, bestetik, administrazioa euskalduntzeko bidean eragiten jarraitzeko. Usurbilen, pixkanaka bada ere, gora ari da egiten errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarren kopurua: 201ean, 591 usurbildar izan ziren (% 17,44); 2013an, gora egin zuen nabarmen kopuruak, eta 738k egin zuten euskaraz (% 22,22); 2015ean, 872k, hots, % 27,09k; eta, 2016an, 893k (% 27,59).
Opariak irabazteko aukera
Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udaletako euskara-batzordeek ere errenta aitorpena euskaraz egitera animatu nahi dituzte herritarrak. "Autolikidazio proposamena onartzerakoan, euskara sakatu", nabarmendu dute. Halaber, Buruntzaldeko udalek argitaratu duten albistea elkarbanatuz gero, opariak eskuratzeko aukera izango da.
Informazio gehiago: euskara.buruntzaldea.eus
www.uema.eus