Eduki publikatzailea

Atzealdea

Errauste-plantara gasa eramateko obrak hasi ditu gaur NorteGasek Santuenea eta Amidi artean

Iaz egin zituzten Donostia aldeko lanak, eta gaur hasi dituzte Usurbil aldekoak, urtebeteko atzerapenarekin. Prozesua luzea izan da, Udalaren aldetik jarritako ukapenak eta baldintzak hainbat izan direlako. Herritarrei ahalik eta kalte txikiena eragiteko, obrak hiru fasetan egingo dira, eta bi hilabeteko iraupena izango dute. Segurtasuna bermatzeko, lanean ari diren egunetan errepidea itxi egingo dute ibilgailu motorizatuentzat.

2018·07·09


Gaur hasi ditu ditu NorteGasek errauste-plantara gasa eramateko lanak, Santuenea eta Zubietako Amidi
artean. Iaz egin zituzten Donostia aldeko lanak, aurrez inori deus jakinarazi gabe. Usurbil aldeko obrak, ordea, urtebetez atzeratu dira. Prozesu luze honetan, hainbat izan dira Udalaren aldetiko ukapenak eta baldintzak. Hasieran, proiektuari ez zitzaion baimenik eman, aurreikusitako trazaketa ez zelako egokia. Ondoren, herritarrei ahalik eta kalterik txikiena eragiteko moduko neurriak eskatu ziren, beti ere segurtasuna bermatuz. Azkenik, prozesu gorabeheratsuaren ondoren, gaur hasi dituzte lanak. Gasa sartzeko obra horrek Zubietako mendi gainean egin nahi dituzten azpiegiturak hornitzeko helburua du.

Obraren baldintzak

Herritarren egunerokoan ahalik eta gutxien eragiteko, obrak hiru fasetan egingo dituzte. Amidi eta Urteagako baserrien arteko zatia egingo da lehenik; gero, Urteaga eta Ermotegi baserrien artekoa; eta, azkenik, Ermotegitik Santueneako sarrera artekoa. Lanok bi hilabete eskas irautea aurreikusten dute. Lan-ordutegia 8:00etatik 19:00ak artekoa izango da, eta, baliteke, abuztuko larunbat batzuetan lan egitea, 8:00etatik 14:00ak bitarte. Segurtasuna bermatzeko, lanean ari diren egunetan errepidea itxi egingo dute ibilgailu motorizatuentzat. Asteburuetan, aldiz, bidea zabalduko dute. Halaber, autobusari dagokionez, lantzadera bat jarriko dute Amidi baserritik Lasartera joateko, eta T6 linearekin sinkronizatuta egongo da.

Hona hemen NorteGasek Santuenea eta Zubietan etxez etxe banatu duen jakinarazpena: