Albisteak
Atzealdea

Elkar ezagutza eta aitortza, elkarbizitza helburu

Azaroaren 7tik 9ra izango da 2019ko Mundualdia: Jon Maiaren hitzaldia eta Hezurbeltzak taldearen kontzertua izango dira, besteak beste. Migrazioak ohikoak dira munduan, baita Euskal Herrian zein Usurbilen ere. Herriko komunitate aniztasuna aztertu nahi du udalak, elkar ezagutu, aitortu eta guztien arteko elkarbizitza sustatzeko asmoz.

2019·10·21


Espainiatik, Ameriketatik, Afrikatik, Europatik... Munduko hainbat lekutatik iritsitako herritarrek osatzen dute Usurbil: biztanleen jatorri aniztasuna migrazio mugimenduen emaitza da. Usurbilgo Udalak herriko komunitate aniztasuna eta elkarbizitza landu nahi ditu, eta, horretarako, herrian bizi diren komunitateak aztertu nahi ditu. Elkar ezagutzeko eta aitortzeko tresna izan dadin nahi du, guztien arteko elkarbizitza sustatzeko lehenengo pausotzat baitu.

Azken zazpi hamarkadetan, bi migrazio olatu nabarmen egon dira Usurbilen. Batetik, 1960-1970eko hamarkadetan gertatutakoa. Espainiako hainbat herrialdetatik etorritako norbanako eta familiak izan ziren, industrializazio prozesuak erakarrita. Bestetik, 2000. urtetik gaur egunera arte etorritakoak daude: Ameriketako, Afrikako eta Europako hainbat herrialdetatik etorritako norbanakoak izan ziren hasieran, eta, gerora, familiak. Horiez guztiez gain, badira komunitate batzuk momentu eta hainbat ezaugarriren arabera etorritakoak, 1960ko hamarkadatik hona, talde mota desberdinetan: portugaldarrak eta errumaniarrak dira, batez ere. Guztiak ere asmo berberak batzen ditu: bertan lan egin eta bizi-baldintzak hobetzeko helburuarekin etorri ziren.

Usurbilgo populazioaren ezaugarriek eraldatze prozesu bat bizi izan dute, egokitzeko, elkarreraginaren ondorioz, eta aurrerantzean ere hori horrela izango da, politika publikoak garatu edo ez. Udalaren asmoa, ordea, elkarbizitza kontzienteagoa sustatzea da, eta horregatik aztertu nahi ditu migrazio olatu horien ezaugarriak: haien lekukotzak etorkizunean herrira etorriko direnei harrera hobea egiteko eta herrian integratzeko gako direla ulertzen du udalak. Zein da komunitate desberdinek sumatzen duten aitortza egoera herrian? Nola ikusten dute elkar komunitate desberdinek? Zein indargune eta hutsune sumatzen dituzte elkarbizitzari dagokionez? Zer eskaintzeko prest daude, eta zer jaso nahi lukete besteengandik? Aztikerrek, iaz, Usurbilgo Udalaren eskariz egindako Usurbilgo jatorri aniztasuna zenbakitan, 2018 ikerlanaren ondorengo pausoa izango da azterketa hori.

Azken urteetan egin bezala, aurten ere Mundualdia jaia egingo da azaroko lehenengo astean. Herriko komunitate aniztasuna erdigunean jartzea da festa horren helburua. Erdigunean, literalki, herriko frontoian egiten baita festa. Aurten, ohikoaz gain, beste ikuspuntu batetik begiratu nahi zaio jaiari: hain zuzen ere, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Espainiako hainbat herrialdetatik Usurbilera etorritakoengan jarri da fokua. Beti bezala, munduko hainbat txokotatik etorritako herritarrek hartuko dute frontoia, eta, horiez gain, Espainiatik etorri zirenei ere lekua egingo zaie. Izan ere, horixe izan da azken hamarkadetan izan den lehenengo olatu garrantzitsuena, eta hainbat arrazoi tarteko, elkarri bizkarra emanda bizi izan diren bi komunitate izan dira haiek eta usurbildarrak. Ez da Usurbilgo kasua soilik izan, fenomeno orokorra izan da Euskal Herrian, baina horri ekarpena egin nahi dio Usurbilgo Udalak. Atzera begiratzeko ariketa egingo du ikerlan horrek, etorkizunari modu egokiagoan heltzeko. Garai hartako migrazioari begiratuta, guztien arteko elkarbizitza sustatzeko baldintzak finkatu nahi dira.

Elkarbizitza osasuntsua eta kontzientea posible izan dadin, ezinbestekoa da elkar ezagutzea eta elkar aitortzea, eta horixe lortu asmo du udalak ikerlan horren bidez. Hainbat alor ikertuko dira, herrian jaiotakoei zein kanpoan jaio baina herrian bizi direnei kontsulta eginez: aniztasunaren, elkarbizitzaren eta eskubideen pertzeptzioa, identitateak, euskal kultura, euskara, jatorriz Usurbilekoak ez diren kulturak, migrazioen nolakotasuna, integrazio bideak eta harrera.

Egitaraua

Hauxe izango da 2019ko Mundualdiaren egitaraua:

Azaroaren 7a, osteguna.

Jon Maiaren hitzaldia: ‘Extremaduratik bertsolaritzara: integrazio istorio bat’.

Ordua / lekua: 19:00etan, Sutegin.

Azaroaren 9a, larunbata [frontoian].

18:00. Alkatearen agurra.

18:10. Zirimara taldearen eta Orbeldi dantza taldearen emanaldia.

19:00. Jakien dastaketa.

20:30. Hezurbeltzak taldearen kontzertua.