Albisteak

Atzealdea

Ekainaren 1etik aurrera, Gertu txartela erabilgarri egongo da

1
Ekainaren 1ean jarriko da indarrean Usurbilgo Udalak, Hurbilago merkatari eta ostalarien elkarteak eta Nafarroako Rural Kutxak gaur aurkeztu duten Gertu txartela eta honek hainbat abantaila eskainiko dizkio erabiltzaileari.

2016·05·25


Horrela, betirako doakoa izango den txartel honek, Hurbilagoko dendetan, hiru hilabeteko epean interesik gabe ordaintzeko aukera, deskontuak eta elkarteak egiten dituen promozioetan parte hartzeko aukera eskaintzen du. Horrez gainera, Visa txartela ere bada, mundu osoan ordainketak egiteko erraztasunak eskaintzen dituelarik, doako aseguruak lortu edota kutxazainetan dirua ateratzeko aukerarekin. Berezitasun gisara, honako berrikuntzak dakartza txartel berritu honek oraingo honetan: Oiardo kiroldegian, Sutegi liburutegian, Potxoenea Kultur etxean edota, hondakinen bilketarako larrialdi gunean erabiltzeko aukera ematen du, lekuan aktibatuz gero

Usurbildarrago egiten gaituen txartela

Xabier Arregi, Usurbilgo alkateak, txartela egiteko prozesua duela 9 hilabete hasi zela azpimarratu du: “prozesu parte hartzaile bat egin genuen diseinua hautatzeko.” Prozesu parte hartzailearen zentzua, txartel hau herritarren artean garatzea zen: “txartel honen erabilerak, herriko dendetan erostera bultzatuta, arlo sozio-ekonomikoan mesede egiteaz batera, Usurbildarrago egingo gaitu.”

Horrela izan dadin, herritarrak txartela erabiltzera gonbidatu ditu, “herriari gehiago lotzen gatzaizkiolako alde batetik, baina mesede eta abantailak ere eskaintzen dizkigulako bestetik.”

Hurbilago elkarteko Igor Gorritik azaldu duenez, Hurbilago txartelak baino abantaila gehiago eskaintzen ditu Gertu txartel berriak. Hori gutxi balitz, “Ekainean zehar, promozio gisara, Hurbilagoko dendetan, %10era arteko deskontuak eskainiko ditugu txartela erabiltzen dutenentzat eta lehen 1000 erabiltzaileei opari bana ere emango diegu.”Gorritik azaldu duenez, herriko denda gehiago Hurbilagoko kide izaten saiatuko dira tarte honetan.

Rural Kutxako Gorka Iturrik azkenik, Gertu txartelak “berme guztiak” eskaintzen dituela adierazi du: “Visa zerbitzua du bere balio nagusia eta horrek beste edozein antzerako txarteletan duen balio bera izango du.”

Hurbilago txartelaren abantailak erabiltzeko epea Ekainaren amaierara artekoa izango da, eta ordutik aurrera Ekainaren lehenetik indarrean egongo den Gertu txartela bakarrik erabili ahalko da, dendetan abantailak eta deskontuak lortzeko.

 

Gertu txartela eskuratzeko bideak

Gertu txartel berria eskuratzeko bidean bi dira. Hurbilago txartela ez dutenek, eskaera orri bat bete beharko dute eta Rural Kutxako bulegoetan edota Udal eraikinetan utzi beharko da hau, NAN txartelaren kopia batekin batera. Orain artean Hurbilago txartela dutenek, aldiz, nahikoa izango dute Rural Kutxako bulegoan txartel berria eskatzearekin.

Txartel hau eskuratzeko, edozein kasutan, ez da Rural Kutxan konturik zabaldu beharko.

1