Albisteak
Ekainaren 16an egingo zaio Joxean Artzeri herri-omenaldia
2018·04·11
JoxAnton Artzeren heriotzaren berri izan bezain pronto, honelaxe adierazi zuen Usurbilgo Udalak: sortzaile handia galdu du euskal kulturak, eta pertsona handia Usurbilek. Zaila da Artze hitz bakarrarekin deskribatzea: poeta, idazlea, txalapartaria…. Izan ere, bere lana eta ekarria izugarri handia izan da arlo eta eremu ugarietan, izan literaturan izan musikagintzan izan herrigintzan. Egun bakarrean bere legatu eta ondare osoa gogora ekartzea zaila dela jakitun, asmo horrekin dabil Artzeri herri-omenaldia eskaintzeko lanean ari den batzordea. Bi bilera egin dituzte, eta dagoeneko zehaztu dute omenaldiaren eguna: ekainaren 16an egingo da. Egun osoko egitaraua ari dira atontzen, eta poesia, txalaparta eta musika izango dira egitarauak jasoko dituen ekimenen ardatz nagusiak. Artzeren bizitzaren eta haren kultura-ibilbidearen unibertso zabalean murgildu, bere sormena eta ekoizpenak harilkatu, eta horietan sakontzeko eta horiek ezagutarazteko parada eskaini nahi ditu herri-omenaldiak.
Egitaraua oraindik ez dago guztiz itxita. Horren gainean ari da lanean batzordea, edonola ere, hainbat ekimen aurrera genitzake: eguerdian izango da ekitaldi nagusia; arratsaldean, umeentzako txalaparta tailerra gidatuko du Arkaitz Martinezek; poesia errezitaldia eta txalaparta uztartuko dituen hainbat emanaldi ere izango dira han-hemenka, eta, gauean, dantza-taldekoek emanaldi berezi bat eskainiko dute, dantza, poesia eta musika uztartuz.
Datorren bilera apirilaren 23an izango da, 18:30ean, Potxoenean. Orain arte bezala, batzordea irekia da, eta nahi duen orok egin dezake bere ekarpena batzordean.