Eduki publikatzailea

Atzealdea

Eguneko Zentrorako garraioa DYA-Gerturi esleitu dio udalak

Puntapax Eguneko Zentrora erabiltzaileak eramateko garraio eta languntzaile zerbitzua kontratatzeko lizitazioa burutu du Usurbilgo Udalak. Lizitazioan eskaintza bakarra aurkeztu da, eta, horrenbestez, DYA-Gertu Fundazioari esleitu zaio zerbitzu hori. Orain arte ere, enpresa horrek izan du zerbitzu horren ardura. Prestazioa emateko epea bi urtekoa izango da, baina hiru urtera arte luzatzeko aukera dago. Mugikortasun urriko pertsonak garraiatzeko egokitutako ibilgailua erabiltzen du enpresa horrek.

2018·01·19


Usurbilgo Udalak DYA-Gertu Fundazioari esleitu berri dio Puntapax Eguneko Zentrora erabiltzaileak eramateko garraio eta laguntzaile zerbitzua. Lizitazioan eskaintza bakarra aurkeztu da, eta DYA-Gertuk pleguetan zehazten ziren baldintza guztiak bete ditu. Orain artean ere, euren esku zegoen zerbitzu hori. Prestazioa emateko epea guztira bi urtekoa izango da, kontratua sinatu eta hurrengo egunetik hasita, eta berariaz eta elkarren artean adostuta luzatu ahal izango da beste urte betez. Edozein kasu, iraupena ezingo du izan hiru urte baino gehiagokoa.

Zerbitzu hori eman ahal izateko, mugikortasun urriko pertsonak garraiatzeko egokitutako ibilgailua erabiliko da. Honako ezaugarri hauek izan behar ditu:

- Gutxienez, zortzi plaza izan behar ditu, gidaria eta zaintzailearen plazak kontuan izan gabe.

- Mugikortasun urriko pertsonentzako plataforma jasotzailea edota sartzeko arrapala izatea.

- Bi gurpildun aulkientzako ainguralekuak.

- Finkapen-uhalak.

- Aire-girogailua.

Egunero bi bidaia egin beharko ditu: bata, erabiltzaileak zehaztutako tokian jaso eta Eguneko Zentrora eramateko; eta, bestea, Eguneko Zentrotik zehaztutako tokian uzteko.

Horretaz gainera, esleipendunak zaintzaile zerbitzua ere eskaini beharko du. Pleguetan jasotzen denez, esleipendunak bere gain hartuko ditu zerbitzu horiek gaur egun egiten dituzten langileak, indarrean dagoen lan-hitzarmena aintzat hartuz, eta subrogaturik geratuko da aurreko adjudikaziodunak zeuzkan laneko eskubideetan eta obligazioetan.