Eduki publikatzailea

Atzealdea

Diputazioak Udalari jakinarazi dio ospitalerako autobus-linea kendu egingo dutela

Ostegunean bildu ziren Xabier Arregi alkatea eta Jone Urdanpilleta zinegotzia Marisol Garmendia Mugikortasun-diputatuarekin, eta Buruntzaldeako autobus-lineak berrantolatzeko proiektua zertan geratuko den aurreratu zien. Hala, Usurbilgo Udalak eta 2.000 usurbildarrek egindako alegazioei bizkar eman, eta 'Usurbil-Ospitaleak' linea kendu egingo dute, diputatuak adierazi zienez, “erabiltzaile gutxi dituelako linea horrek”. Alkateak salatu egin du erabakia, izan ere, “oinarrizko zerbitzuetan ezin dira irizpide ekonomizista soilik kontuan hartu”.

2018·05·09


Azken hilabeteotan kezka handia izan da herrian Gipuzkoako Foru Aldundiak Buruntzaldeako garraio publikoan egin nahi dituen aldaketak direla-eta, izan ere, berrantolaketa horren ondorioz, hainbat autobus-linea kentzea aurreikusten zuten. Aurreproiektuan gaur egun eskaintzen diren bi autobus-linea ez ziren agertzen: batetik, 'Usurbil-Ospitaleak' linea eta horrekin batera Usurbilgo herriguneko, Aginagako zein Txokoaldeko geltokiak, eta, bestetik, 'Usurbil-Hernani' linea Zubietatik pasatzea. Asmo horiek Usurbilgo Udala eta herritarrak haserrarazi egin zituen. Horren lekuko da 2.000 alegaziotik gora bildu izana oso egun gutxitan.

Ordutik hona denbora pasatu bada ere, alegazioak ez dituzte erantzun, eta ostiralean Marisol Garmendia Gipuzkoako Diputazioko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuak agerraldia egin zuen Batzar Nagusietan, esku artean duten proiektuaren berri emateko. Aurrez, ordea, Buruntzaldeako udal ordezkariekin bildu zen, proiektua aurkezteko. Tartean, Xabier Arregi alkatearekin eta Jone Urdanpilleta zinegotziarekin. Hala, bilera horretan ahoz jakinarazi zitzaien, Zubietako linea bere horretan utziko dutela, baina ospitalerako autobus-linea, ordea, kendu egingo dutela. Antza, diputatuaren esanetan, linea horrek erabiltzaile gutxi ditu, hau da, zerbitzuak baino erabiltzaile gutxiago ditu. “Zerbitzu hori bereziki garrantzitsua da, oso sentsiblea, ospitalera joaten direnak behar bereziak eraginda joaten baitira, ez gustuz. Gainera, gizarteko sektore ahulenak dira erabiltzaileak, eta hori kentzeak badu esanahi kualitatiboa. Galera handia da. Zerbitzu publikoa ezin da irizpide ekonomizista hutsez soilik antolatu”.

Xabier Arregik eta Jone Urdanpilletak uste dute Diputazioak jada erabakia hartu duela, eta salatu egin dute ez Udalari ez herritarrei ez zaiela parte-hartze aktiborako aukerarik eman. “Ez zaigu aukerarik eman beste aukeraren bat ba ote zegoen aztertzeko ere”.